Orioko hiru banderak itsasoan jokatuko dira aurtengoan

Onintza Lete Arrieta 2026ko uztailaren 9a

Orio Arraunketa Elkarteko eta Orioko Udaleko ordezkariak, gaur udal kanpinean, asteburuan lehian izango diren hiru banderekin. (Antxon Etxeberria)

Gaur eguerdian aurkeztu dituzte udal kanpinean KAE 1 ligako VIII. Orio Kanpina, Euskotren ligako Orioko XXVII. Emakumezkoen Estropada eta Eusko Label ligako Orio Kanpina XIV. Bandera. Beste urteetan errioan jokatu izan dute KAE 1 ligako estropada, baina aurten itsasora joko dute, halabeharrez. 

Larunbat eta igande honetan Oriok hiru estropada jardunaldi hartuko ditu: larunbat arratsaldean KAE 1 ligakoek jokatuko dute VIII. Orio Kanpina, eta igande eguerdian, berriz, Euskotren ligakoek Orioko XXVII. Emakumezkoen Estropada eta Eusko Labelekoek Orio Kanpina XIV. Bandera izango dituzte jokoan. Berrikuntza ere badago, KAE 1eko estropada errioan lehiatu dutelako azken lau urteetan; aurten, itsaso zabalera aterako dira, antolakuntzak hala eskatuta. Banderak gaur eguerdian aurkeztu dituzte udal kanpinean, eta Andoni Campos Orio Arraunketa Elkarteko (OAE) zuzendaritzako kideak onartu du klubak nahiago zuela KAE 1eko estropada errioan jokatu izan balitz, herritarrengandik gertuago egoteko. Are gehiago, Euskotren eta Eusko Labelekoa ere Oria ibaira lekualdatuko lituzkete, beren esku balego. Ildo horretan, azaldu du kluba "formatuak berritzearen aldekoa" dela, "gizartea ere aldatzen ari delako" eta "beste kiroletan ere aldaketak planteatzen eta ezartzen ari direlako". Eta jakinarazi du mahai gainean jarria dutela goi mailako ligarako proposamen bat, estropadak errioan sprint distantzian jokatzeko. "Probatzea litzateke, baina momentuz beste klubak ez daude ados. Elkarlanerako prestutasun gutxi ikusi dugu zoritxarrez, eta hori arraunarentzat da kalte", adierazi du, zorrotz.

Kontuak kontu, larunbatean 17:00etan hasita eta igandean 11:15ean, itsasoan izango da arraun ikuskizuna, eta igandean Herriko Plazan pantaila erraldoia ere jarriko dute zaleentzat.

Faboritoak

Euskotren ligan Arraun Lagunak aterako da faborito itsasora igandean. Azken urteei begiratuta, Oriok irabazi du bandera gehien, baina azkenekoetan donostiarrek irabazi diete lehia, eta sailkapen orokorrari begiratuz gero, ez dago zalantzarik Arraun Lagunak dela nagusi une honetan Euskotrenen. Tolosaldea da bigarren, eta Astillero, hirugarren, sailkapenean, eta badirudi horiexen artean egongo dela borroka igandean ere. Oiotarrak bosgarren daude sailkapenean, liga hasiera honetan emaitza gorabeheratsuak lortuta, eta etxean lan ona egiten saiatuko dira.

Eusko Label ligan, berriz, Orio bera da lider sailkapenean, eta berak irabazi zuen herriko bandera iaz –azken urteetan ihes egin izan dio etxeko trapuak–. Garaipena errepikatzera aterako da taldea, baina Bermeo eta Zierbena ere bandera gosez izango dira, eta lehia estua egon daiteke hiruren artean. Getaria ere kontuan hartzeko aurkaria izango da, ezbairik gabe.

KAE 1 ligari dagokionez, Orio B, San Juan eta Hibaika izan dira azken hiru urteetako irabazleak. Aurten, ordea, beste talde batzuk dabiltza puntan: Deustu da lider sailkapenean, eta Zarautz eta Zumaia puntu gutxira ditu bigarren eta hirugarren postuan. Etxeko taldea, berriz, azkena da sailkapenean. Ikusteko dago, beraz, zer gertatuko den igandean, are gehiago, azken urteetan errioan okatu den estropada izanik.

Kluba etxeko traineruekin pozik

Etxeko hiru traineruak egiten ari diren lanaren balorazio positiboa egin du OAEko zuzendaritzako kideak. Gizonezkoek hiru banderetatik bi lortu dituztela gogorarazi du, eta irabazi ez zuten estropadan bigarren izan zirela; balioan jartzekoa iruditu zaio hori. Emakumezkoei dagokienez, trainerua atera izana bera azpimarratzekoa dela esan du –iazko bajak kontuan hartuta–, eta liga bigarren postua eginez hasi zutela gogoratu du. 

Orio B taldearentzat ere hitz onak eduki ditu Camposek, sailkapenaren atzealdean dagoen arren, traineru horren helburua arraunlariak zailtzea eta horiek esperientzia hartzen joatea delako, eta ez delako ahaztu behar iaz mailaz igo zirela. 

Gainerako hitzorduak

Arraun hitzordu gehiago ere izango da asteburuan eskualdeko arraun taldeentzat. Larunbatean bertan, ETE ligako estropada Camargon (Espainia) jokatuko du Zarauzko traineruak 13:00etan hasita, eta igandean, Lekeition (Bizkaia) lehiatuko dira, 12:00etan hasita. Aurreko urteetan ETE ligakoek ere Orion jokatu izan dute Hernanik antolatzen duen estropada, baina aurten klub horrek erabaki du lehia beste joko eremu batera eramatea, Camposek azaldu duenez.

Euskotren eta Euskolabel ligak, berriz, Castro Urdialesen (Espainia) jokatuko dira larunbatean, 17:25ean hasita.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide