Banderak ihes egin zion atzo Iker Zabalaren taldeari, eta Urdaibaik astindu zuen Bilboko bandera, baina gaur erabat ezberdina izan da irudia Zierbenan (Bizkaia): Oriok nagusitasunez irabazi du XLIII. Petronor Bandera, hain justu. Eroso aritu dira Iker Zabalaren mutilak itsasoko lehenengo estropadan, eta Getariak ere bikain burutu ditu lanak, bigarren postuan amaituz.
Olatu ugari topatu dituzte traineruek estropadan zehar, eta hainbatek aukera hori baliatu dute abiadura hartzeko. Orio izan da ontzi horietako bat, eta horri esker eroso aritu da lehen postuan, gainerakoei tarte nabarmena aterata. Bere txandan, ohorezko txandan, atzoko txapeldun Urdaibai izan du gertuen, baina, une oro atzetik izan dute. 20:08,38ko denbora markatu du Oriok, eta 20:21,40 Urdaibaik.
Bi talde horien artean, ordea, bigarren txandan lehiatu den Getaria sartu da. Estropada dotorea egin du, eta Hondarribiarekin lehian aritu da. 20:13,86ko denbora markatu du, Urdaibairi bigarren postua kenduz, eta Hondarribia sailkatu da laugarren, 20:24,94ko denboran.
Gaurkoari esker, Oriok Eusko Label ligako liderra izaten jarraitzen du, 35 punturekin. Urdaibai du atzetik, 31 punturekin, eta Zierbena da hirugarrena, 29 punturekin. Getariak 27 puntu ditu, eta postu bat irabazi du sailkapenean: laugarren da egun. Garaipena ospatzeko harrera egingo dute Orion, 20:00etan, Herriko Plazan.
Beste behin, Arraun Lagunak
Arraun Lagunakek garaiezin jarraitzen du Euskotren ligan. Atzoko garaipenarekin ez zen ase Donostiako taldea, eta gaur, denboraldiko hirugarren estropadan, hirugarren bandera astindu du. Zierbenan (Bizkaia) lehiatu dira, eta X. Petronor Bandera izan dute jokoan. Zumaiak eta Oriok ez dute egun ona izan: azken-aurreko postuan sailkatu da Zumaia, eta azkena egin du Oriok.
Ohorezko txandan lehiatu da Orio, liderrarekin, Tolosaldearekin eta Hibaikarekin batera. Tolosaldeak garaipenaren lehian sartu nahi zuen gaur, eta ahaleginak egin ditu Arraun Lagunak garaitzeko, baina donostiarrek asteburua borobildu nahi zuten, eta irabaztera atera dira. 10:48,02ko denboran zeharkatu du helmuga txapeldunak, estropada dotorea eginda, eta Tolosaldeak jarraitu dio, 10:54,52ko denborarekin. Denbora horrek sailkapen orokorrean bigarren postuan kokatu du Tolosaldea. Txandako hirugarren postua Hibaikarentzat izan da, lanak 11:01,94ko denboran amaituta, eta Orio sailkatu da laugarren, 11:12,10ko denborarekin.
Aurretik jokatu du Zumaiak, Astillerorekin, Donostiarrarekin eta San Juanekin. Atzo baino gehiago kostatu zaie gaur saregileei, eta txandako azkenak izan dira helmuga zeharkatzen, 11:06,78ko denboran. Txanda Astillerok irabazi du, eta berarentzat izan da sailkapen orokorreko hirugarren postua. Txandako bigarren eta hirugarren postuak San Juanentzat eta Donostiarrarentzat izan dira, hurrenez hurren.
Hala, Arraun Lagunakek jarraitzen du Euskotren ligako liderra izaten, 24 punturekin. Hemezortzi puntu ditu bigarrenak, Tolosaldeak, eta, hirugarren postua Astillerorena da egun, hamabost punturekin. Oriok hamahiru puntu ditu bilduta, eta bosgarren postuan dago, Hibaikarekin berdinduta. Zumaiak taularen behealdean jarraitzen du, zazpigarren, zortzi punturekin.
KAE 1 liga, Zarautzen
Horrez aparte, arraunaren bueltako festa ospatu dute gaur eguerdian Zarautzen, KAE 1 eta ETE ligetako Gizonezkoen II. Gesalaga Okelan Banderarekin eta Emakumezkoen I. Gesalaga Okelan Banderarekin. Gizonezkoen kasuan, etxekoek lan bikaina egin dute, eta, horri esker, Zarautzek astindu du bandera. Oriok azken postuan amaitu du.
Bi txandatan banatuta jokatu dute, eta bigarrenean izan da bandera eskuratzeko borroka. Oso pareko abiatu dute estropada Zarautzek eta Deustuk, eta lehen ziaboga ia denbora berean hartu dute. Bigarren luzean, ordea, Zarautzek erritmoa bizitu du, eta Deusturekiko zuen aldea handitzen hasi da. Helmugara arte iraun dio nagusitasun horrek, eta 20:52,26ko denboran amaitu ditu lanak. Deustuk ez du etxeko taldea harrapatzerik lortu, baina estropada txukuna egin du: 21:06,54ko denboran heldu da helmugara.
Zumaia ere gaurko beste protagonistetako bat izan da, podiuma itxi duen trainerua izan baita: alegia, hirugarren postua eskuratu du Zarauzko estropadan, 21:17,21eko denborarekin. Oriok, berriz, azken postuan amaitu du gaurko jardunaldia, lanak 22:11,75eko denboran amaituta.
Gaurko emaitzen ondoren, Deustuk jarraitzen du KAE 1 ligako liderra izaten 57 punturekin, baina Zarautz bi puntura besterik ez du, 55 baititu. Zumaiak, bere aldetik, 53 puntu ditu, eta hirugarren postuan dago. Oriok zortzi puntu ditu, eta azken postuan dago.