Bigarren banderak ihes egin dio Oriori, lau segundogatik

Intza Trula 2026ko uztailaren 4a

Orioko gizonezkoen taldea, gaur, XVII. Bilboko Banderan. (EITB)

Bermeo nagusitu da XVII. Bilboko Banderan, erlojuaren aurka, eta Oriok bigarren egin du. Getaria, berriz, bosgarren sailkatu da. Euskotren ligan, Arraun Lagunakek irabazi du VII. Bilboko Bandera, eta Oriok laugarren sailkatu da. Donibane Ziburuko 34. Estropada izan dute jokoan KAE 1 ligakoek: Deustuk irabazi du, eta Oriok hamaikagarren postuan amaitu du.

Eusko Label liga bikain hasi zuen pasa den astean Oriok, Madrilgo Buitrago del Lozoyako urtegian jardunaldiko lehen bandera irabaziz. Gaurkoan garaipena errepikatu nahi zuten Iker Zabalaren mutilek, XVII. Bilboko Banderan, baina, tamalez, ez dute helburua lortu. Bermeo izan da gaurko erlojuaren aurkako hitzorduan azkarrena, eta lau segundo atera dizkio Oriori, bigarren sailkatuari.

Ohorezko txandan lehiatu dira biak ala biak, Donostiarrarekin eta Zierbenarekin batera. Bermeok bandera astindu nahi zuen, eta paladaz palada egin dute lan, garaipenaren bila. Txandako azkarrena izanda ziaboga guztietan, eta aise irabazi du, 19:56,2ko denborarekin. Lau segundo gehiago behar izan ditu Oriok lanak amaitzeko, 20:00,62. Txandako hirugarren postua Zierbenarentzat izan da, 20:02,96ko deborarekin, eta laugarren izan da Donostiarra, 20:04,38ko denboran. Hain justu, horrela geratu dira gaurko sailkapen orokorreko postuak ere, eta haiei jarraiki, bosgarren sailkatu da Getaria. 

Esperantzak lan dotorea egin du gaurko jardunaldian, eta bere txandan, bigarrenean, jaun eta jabe izan da. 20:24,54ko denboran zeharkatu du helmuga, Ondarroari lau segundo aterata. Txanda horretan, Hondarribiak egin du hirugarren, 20:30,38ko denborarekin, eta San Juan izan da laugarren, 20:37,24ko denborarekin.

Oriok ez du bandera poltsikoratzerik lortu, baina Eusko Label ligako liderra izaten jarraitzen du, 23 punturekin. Oso gertu du Bermeo, 21 punturekin, eta harekin berdinduta dago Zierbena. Getariak sendo eusten dio bosgarren postuari, hamasei punturekin.

Emakumezkoetan, Arraun Lagunak nagusi

VII. Bilboko Bandera jokatu dute aurretik Euskotren ligako traineruek, eta faboritoak ez du hutsik egin bertan: seigarrenez irabazi du Arraun Lagunak traineruak, alegia. Zehazki, bosgarren urtez jarraian irabazi du Bilboko estropada Donostiako taldeak. Gizonezkoena bezala, hau ere erlojuaren aurkako estropada izan da. Oriok lan txukuna egin du bertan, baina ezin izan du lehen postuetan sartzerik lortu: laugarren sailkatu da, hain justu.

Ziaboga batera eta bi luzeetara jokatu dute, eta bi txandatan banatuta. Ohorezko txandan uretaratu da Orio, San Juan, Astillero eta Arraun Lagunak traineruekin batera. Lehen txandarekin alderatuta, haizea zertxobait gogorragoa izan da bigarren honetan, baina Xanti Zabaletaren trainerua sendo atera da, garaipena eskuratzeko nahiarekin. Lehen luze txukun bat osatuta, 05:50eko denboran hartu du ziaboga, eta bigarren luzean ez du erritmoa jaitsi. Hala, lanak 11:00,34ko denboran amaitzea lortu dute. Oriokok denbora ona egin du, baina Arraun Lagunak denboraldiko bigarren bandera irabaztera atera da gaur, eta lortu dute helburua. Donostiakoek 10:49,72ko denbora besterik ez dute behar izan helmuga zeharkatu eta VII. Bilboko Bandera poltsikoratzeko. Txandako hirugarren eta laugarren sailkatuen artean lehia estua izan da: Astillero sartu da hirugarren, 11:06,50eko denboran, eta San Juan sailkatu da laugarren, 11:06,66ko denborarekin.

Horrenbestez, horrela geratu da sailkapena gaurkoan: Arraun Lagunak izan da lehena, Tolosaldea bigarren, Hibaika hirugarren, Orio laugarren, Zumaia bosgarren, Astillero seigarren, San Juan zazpigarren eta Donostiarra zortzigarren. Gaurko emaitzekin, Arraun Lagunakek jarraitzen du Euskotren ligako liderra izaten (16 puntu), eta Oriok bigarren postua mantentzen du (12 puntu). Zumaia zazpigarren postuan dago egun (6 puntu).

KAE 1 liga, Donibane Ziburun

KAE 1 ligak ere gaur arratsaldean jokatu du denboraldiko laugarren estropada, Donibane Ziburuko 34. Estropada. Deustuk hirugarren bandera lortu du bertan, eta atzetik heldu dira Zumaia eta Zarautz, bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Orio, berriz, hamaikagarren izan da.

Lehen txandan uretaratu dira Anjel Larrañagaren mutilak, eta hirugarren egin dute bertan, 22:24,66ko denborarekin. Denbora horrek, ordea, ez dio azken postuetatik aldentzeko balio izan, hamaikagarren postuan amaitu baitu. Orioren txandan lehiatu dira Arkote, Hibaika eta Kaiku, eta azken hau gailendu da txanda horretan.

Gaurko emaitzak kontuan izanda, Deustuk jarraitzen du KAE 1 ligako liderra izaten, 46 punturekin, eta haren atzetik dira Zarautz eta Zumaia, puntuak berdinduta. 43 puntu dituzte bi traineruek. Oriok ez du taularen behealdetik ateratzerik lortu: hamaikagarren postuan dago, zazpi punturekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide