Arraun denboraldian bete-betean murgilduta daude oriotarrak, eta asteburu hau ere hitzorduz beteta datorkie. Alde batetik, harrobiko arraunlariak nahiz beteranoak Sevillan izango dira gaurtik igandera bitartean, Espainiako Aulki Mugikorreko Txapelketan parte hartzen. Guztira estatu osoko 62 elkarte ariko dira lehian Sevillako uretan, hau da, 372 ontzi orotara. Orio Arraunketa Elkarteak, zehazki, 10 ontzi aurkeztuko ditu hitzordura, hala nola sei infantiletan eta lau beteranoetan.
Bestetik, larunbatean Eusko Label eta Euskotren ligetako jardunaldiak izango dituzte jokoan. Hain zuzen ere, XVII. eta VIII. Bilboko Banderen bila ariko dira Orioko gizonen eta emakumeen ontzi nagusiak. Arratsaldeko 17:20 ekingo die emakumezkoek, eta gizonezkoek, berriz, 18:15ean. KAE 1 kategoriako arraunlariek ere beste hitzordu bat izango dute larunbatean, hain justu Donibane Zibiruko 34. Estropada jokatuko dute badian. Gizonen txanda 17:30ean hasiko da, eta Orio B ontzia bertan izango da lehian.
Asteburua biribiltzeko, Zierbenan (Bizkaia) izango dute azken hitzordua oriotarrek, Eusko Label eta Euskotren ligetako jardunaldiak jokatuko baitira bertan. Emakumeen txanda 11:25ean hasiko da, eta gizonena, berriz, 12:20 aldera. KAE 1eko gizonek zein ETEko emakumeek, berriz, erlojupeko estropadak jokatuko dituzte igandean, Zarautzen. 11:30ean hasita. Emakumeek, berriz, 12:30ean hasita jokatuko dute ETE ligaren laugarren estropada puntuagarria.