Eta festen erdian... arraun denboraldiko lehen banderari harrera

Aiora Arriola 2026ko ekainaren 29a

Sanpedroetan murgilduta dabiltza oriotarrak, baina atzo iluntzean beste ospakizun bat sartu zen tartean: alirona. Atzo hasi ziren Euskotren eta Eusko Label ligak Madrilen, eta lan bikaina egin zuten Orioko neska-mutilek. Bigarren izan ziren emakumeak, eta gizonak banderarekin itzuli ziren herrira. 

Sanpedroetan murgilduta dabiltza oriotarrak, eta atzo iluntzean, festa giroko beste ospakizun bat sartu zen egitarauaren erdian: alirona. Atzo hasi ziren Euskotren eta Eusko Label ligak, eta traineru ligako lehen estropada irabazi zuen Orioko gizonezkoen lehen taldeak atzo Madrilen, Buitrago del Lozoyako urtegian. Emakumeek ere lan bikaina egin zuten, bigarren izan baitziren hango uretan. 

Lorpen horiek tarteko, atzo, arratsaldearen bukaeran, herritarrek arraunlariei ongietorria egin zieten etxean. Euriak ez zuen utzi merezitako distira ateratzen –txarangak, esaterako, ezin izan zuen ohiko bidea egin–, baina bandera preziatua gogotik astindu zuten arraunlariek udaletxeko balkoian.  

Datorren asteburuan etxetik gertuago izango dituzte estropadak, Bizkaian lehiatuko baitira larunbatean nahiz igandean; larunbatean Bilbon izango dute hitzordua, eta hurrengo egunean, Zierbenan. Larunbatean 17:20an hasiko dira lehian Euskotreneko ontziak, eta 18:16an, Eusko Labelekoak. Igandean, berriz, 11:25ean hasiko dituzte estropadak.

(Argazkiak: Aiora Arriola, Joxemari Olasagasti eta Orioko Txaranga). 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide