Xanti Zabaleta: "Nire helburua Euskotren ligako ohorezko txandan sartzea da"

Julene Sorarrain 2026ko ekainaren 23a

Xanti Zabaleta Orioko emakumeen traineruaren entrenatzailea, Arraunetxen, entrenamendu bat hasi aurretik. (Julene Sorarrain)

Hamar urteren ostean, Xanti Zabaletak (Orio, 1968) emakumeen trainerua entrenatuko du berriro. Ilusioz eta, aldi berean, ziurgabetasunez begiratzen dio denboraldi hasierari.

Bigarrenez gidatuko duzu Orioko emakumeen trainerua, eta jada izan dituzu hilabete batzuk taldearekin lan egiteko. Nola ikusi duzu?

Bigarren aroari ekin diot emakumeen traineruarekin, bai, eta egia esan, taldea zeharo eraberrituta dago. Gogotsu eta ilusio handiarekin nabaritu ditut azken hilabete hauetan. Lanerako talde aditua aurkitu dut, eta gozamena da horrela aritzea.

Azaroan hasi zineten lanean, bi patroi eta 19 arraunlarirekin. Talde osoa iritsi al da ekainera?

Bai, talde osoa iritsi da ekainera. Etxeko lan guztiak egin dituzte, eta uste dut guztiok izan behar garela lehian udan, batzuk besteak baino aukera gutxiagorekin izanda ere, agian. Azken finean, arrauna talde lana da eta arraunlari bakoitzak bere funtzioa du taldean, ez bakarrik estropadak jokatzea. Denboraldi honetan, gainera, harrobiko zazpi arraunlari izango ditugu.

Zein izan da azken hilabete hauetako helburua entrenatzerako garaian?

Helburua, batik bat, arraunlari berriak eta aurretik zeudenak uztartzea izan da, aldagelako giroa indartzeko. Izan ere, taldea berria da, baina nik kanpotik ikus dezakedanagatik, harreman polita sortu da beraien artean. Elkarkidetza polita ikusten dut, eta talde lanean aritzen garen momentuetan, errespetuz egiten diote elkarri. Prestakuntza teknikoari dagokionez ere gogor aritu gara.

Liga hasi aurretik bandera bat astindu duzue jada. Zer helbururekin lehiatuko da Orio aurten?

Lekeitioko Ikurrina [Bizkaia] irabazi genuen hilabete hasieran, bai, eta garaipen horrek taldean ilusioa areagotu zuen. Emaitza onak lortzen ez dituzunean, ziurgabetasun horrekin bizitzen ikasi behar duzu. Trainerilletan egindako lanaren balorazioa ere oso ona da. Traineru ligara iritsi aurretik igaro beharreko beste fase bat da trainerillena, eta denboraldirako formazio gisa balio digu.

Iaz erronka handia ohorezko txandan sartzea zen. Aurten ere bai?

Erronka handia da, bai, baina nire helburua Euskotren ligaren ohorezko txandan sartzea da. Lan asko egin beharko dugu helburu hori betetzeko, baina taldeari erronkak ezartzea positiboa dela uste dut. Gero ikusiko dugu erronka horiek betetzen diren ala ez. Orioren indargunea taldean lortu dugun kohesioa da. Izan ere, kohesio horri esker, une txarrei aurre egiteko prestatu gara, une horietarako ere prestatu egin behar zarelako.

Arraun Lagunak urte luzez nagusi izan da emakumeen liga nagusian. Oriorentzat, zein dira aurkari zuzenak?

Aurten Orioren aurkari zuzenak talde guztiak direla esango nuke. Azpimarratu beharra dago orain talde berria dudala esku artean, eta dagoeneko pixka bat lehiatu garen arren, oraindik ez dakit zehazki non kokatzen den gainerako taldeekin alderatuta.

Zein da zure estropada gustukoena?

Bi dira niretzat kutunenak. Bat Kontxako Bandera da, noski; eta bestea, Zarauzko Bandera. Ni ere arraunlaria izan naiz, eta azken horrek halako nostalgia bat transmititzen dit. Nire garaian, bandera oso preziatua zen Zarauzkoa; askorentzat, bigarren Kontxa zen. Dituen ezaugarriengatik nabarmentzen da Zarauzko estropada, besteak beste, eremuarengatik eta datarengatik.

Arraunlaria izan zara urte luzez, eta orain entrenatzaile lanetan zabiltza. Zer ikasi duzu kirolaz ardura berriarekin?

Entrenatzaile gisa ere urte batzuk bete ditut jada. Ñabardura handi bat orain dudan erantzukizuna izango litzateke. Lehen, arraunlaria nintzenean, klubera etorri, gogor entrenatu, eta bukatutakoan, deskonektatzeko gaitasuna nuen. Entrenatzaileak, ordea, beste ikuspuntu batetik begiratzen dio kirolari. Izan ere, talde oso baten ardura duzu, ez bakarrik teknikoki; arraunlariak pertsonalki nola dauden ere jakin behar duzu.

Orioko Udalak eta OAEk klubean berdintasuna bermatzeko plan berri bat osatu dute. Nola jaso dute albistea emakumeek?

Emakumeen iritzia ezin dut oraindik partekatu, duela egun gutxiko albistea delako. Esan dezaket, dena den, plan hori ez dela goizetik gauera sortu. Hain justu, urte osoan lantzen aritu diren sistema berri bat da, eta koordinatzaile batzuekin elkarlanean aritu gara hau guztia aurrera ateratzeko. Klubarentzat oso baikorra dela uste dut, izan ere, beharrezko tresna bat da. Hori bai, normaltasun baten barruan jardun behar gara elkarren artean. Guztiok helburu berdinak baditugu, bide onetik joango den aldaketa dela uste dut.

2016tik 2021era entrenatu zenuen lehen aldiz Orioko emakumeen trainerua. Nolako bilakaera izan du emakumeen arraunak ordutik?

Emakumeen arraunean garapena handia izan da, eta dena onerako. Nik lehiakortasun eta anbizio asko ikusten ditut kirolarien artean, eta orain emakumeak bestelako irudi bat du kirol esparruan. Urte luzez emandako aurrerapausoek, gainera, aberastasuna ekarri dute emakumeen kirolera. Arraunari dagokionez, lehia handia dagoela ikusten dut, eta emakumeek oso barneratuta dute entrenamenduak eta kirola bera oso sakrifikatuak direla.

Egun gutxi barru hasiko da arraun denboraldia. Nolako emozioak nabari dituzu taldean?

Denboraldiari ekiteko ilusio eta gogo handia ikusten da taldean. Nik, nire aldetik, ilusioaz gain ziurgabetasun handia ere badut, baina emozio horiek kudeatzen ikasi beharko dut denboraldi berriari begira. Gainera, sumatzen da herria gure gainean dagoela. Babesa eta eskuzabaltasuna beti eskertzen dira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide