Orio B taldeak KAE2 kategoriatik KAE1era salto egitea lortu zuen iaz, eta maila berrian atzetik hastea egokitu zaie taldeko gizonei. Astilleron (Espainia) jokatu dute gaur arratsaldean ligako lehenengo estropada, eta azken aurrena izan da Orio, 11. postuan sailkatuta.
Zarautzek irabazi du denboraldiko lehenengo bandera, eta harengandik 55,03 segundora amaitu ditu lanak Orioko bigarren taldeak, 21:48:70 denbora sinatuta. Soilik Arkoteren sailkatu da atzetik; hala ere, oriotarrek emaitzak hobetzeko aukera izango dute datozen hamabost hitzorduetan.
Bihar, Pasai Donibanen
Orio Bk Pasai Donibanen (Gipuzkoa) du bihar hitzordua, 12:00etan. KAE1eko traineruek III. Adinberri Bandera jokatuko dute; linean izango da estropada, lau kaletara, sei luzerekin.
Euskotren eta Eusko Label ligak, berriz, datorren astean abiatuko dira, ekainaren 28an, Madrilgo Erkidegoko Buitrago de Lozoya herrian. Hantxe ariko dira aurten Orioko neskak eta mutilak.
