Beste jardunaldi gogor bat dator Orio Arraunketa Elkartearentzat (OAE), izan ere, hainbat hitzordu garrantzitsu izango dituzte asteburu honetan. Alde batetik, harrobia Banyolesen (Girona, Herrialde Katalanak) izango da bihartik igandera bitartean, Espainiako Aulki Mugikorreko Txapelketak jokatzen. Orioko klubak guztira 15 ontzi aurkeztuko ditu txapelketa horretara, kadete, jubenil eta 23 urtez azpikoen kategorietan.
Larunbatean, bestetik, KAE 1 traineru ligari ekingo diote, eta Orio B ontzia bertan izango da lehian parte hartzeko. Hain zuzen ere, XXII. Astilleroko Bandera izango dute jokoan, izen bereko Kantabriako (Espainia) herrian. Arratsaldeko 18:00etan hasiko dira lehian, zehazki. Igandean ere beste hitzordu bat izango dute KAE 1 ligakoek, III. Adinberri Bandera izango baitute jokoan. Pasaiako (Gipuzkoa) uretan jokatuko dute estropada, 12:00etatik aurrera.
Bestalde, Euskotren eta Eusko Label ligetako emakumezkoak eta gizonezkoak etxean ariko dira lanean, ekainaren 28an Buitrago de Lozoyan (Madril, Espainia) jokatuko den lehen estropadarako prestatzen.