KAE1 ligan parte hartuko duten Orio AEko mutilen zerrenda, ikusgai

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 16a

KAE1 ligan ariko diren Orioko arraunlarietako batzuk.

KAE1 ligaren antolatzaileek gaur plazaratu dute arraunlarien zerrenda. Orio B-k asteburu honetan bertan ekingo dio ligari, larunbatean Astilleron (Espainia) eta igandean Pasaian (Gipuzkoa) jokatuko baitituzte KAE1eko eta ETE ligetako estropadak. 

Asteburu honetan bertan hasiko du liga Orio Arraunketa Elkarteko Orio B ontziak KAE1 mailan, eta liga hori antolatzen dutenek gaur bertan plazaratu dute arraunlarien zerrenda. Esteka honetan dago ikusgai zerrenda osoa. Hemeretzi arraunlarik –patroia barne– osatzen dute plantilla, eta iaz bezala, Anjel Larrañagaren aginduetara egingo dute arraun. 

Hemeretzi mutiletatik hamahiru propioak dira, eta horietatik bost dira oriotarrak, eta bat aiarra. Zarauztar bat ere bada taldean. Gainerakoak, Gipuzkoako beste herri batzuetakoak dira, baina OAEn hazitakoak. 

Asteburuan hasiko da liga

Zerrenda prest dute oriotarrek eta gainerako elkarteek, liga berehala hasiko baita; asteburu honetan bertan. Larunbatean Kantabrian (Espainia) abiatuko dira KAE1 eta ETE ligak, Astilleron. Gizonezkoek 18:00etan ekingo diote lehiari, eta erlojupean aritu beharko dute, lau luzetara. 

Igandean, berriz, 12:00etan hasiko da KAE1 ligakoen lehia, Pasaian (Gipuzkoa). Lau kaletara jokatuko dute, sei luze eginez. 

Oriorekin batera 11 talde lehiatuko dira aurten estropadaz estropada: Zarautz, Zumaia, Arkote, Astillero, Deusto, Hibaika, Hondarribia, Kaiku, Larrun, Pedreña eta Sanpedrotarra. 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide