Herri oso bat bere arraunlariekin

Onintza Lete Arrieta 2025ko ira. 14a, 23:45

Kontxako Bandera irabazi dute gaur Orioko gizonezkoek. Gizonen 33. Kontxa izan da, eta Orioren 36.a, eta harrera ekitaldia xumea izan den arren, herritarrek eman diote handitasuna: jendetzak hartu du herria, txarangaz gain erraldoiak ere atera dira kalera, eta Benito Lertxundik udaletxeko balkoitik abestu dio bere bihotzeko taldeari.

Oriok Kontxako Bandera etxeratu du gaurkoan. 36. trapua izan da, 33.a gizonezkoentzat. Harrerarako hitzordua, beti bezala, 20:00etarako zegoen deituta, baina gaurkoan xumea bezain berezia izan da alirona. Batetik, udalak eta Orio Arraunketa Elkarteak azaldu dutelako Bikamiotako biribilgunean hasiko zela ongietorria. 19:30erako, hantxe zen Orioko Txaranga giroa berotzeko, eta hantxe zale mordoa, autobusean iritsi diren arraunlariei harrera egiteko.

Musika alaia lagun, batzuek dantzan egin dute itxaronaldia. 20:00 pasatxo iritsi dira gaurko protagonistak biribilgunera, autobusean, eta Gorka Aranberri patroia jaitsi da aurrena, bandera eta guzti. Sekulako eromena sortu da orduan. Atera dute ohiko talde argazkia txarangakoekin, eta haien atzetik abiatu dira guztiak Eusko Gudari kaletik barrena plazaraino, dantzan eta kantuan. Kultur Etxe parean, ezustekoa: txapel eta zapi horiz apaindutako Pello eta Nikolasa erraldoiak batu zaizkie festara.

Kalejira ezin alaiagoan iritsi dira udaletxe aurrera: jendetza zegoen han ere, zain, eta udalbatzar aretoan, berriz, Anuska Esnal alkateak eta bi alderdietako ordezkariek egin diete harrera. Ohi bezala, ez dute argazkian atera nahi izan, ezta adierazpenik egin ere, "protagonistak arraunlariak direlako". 

Han berriz talde argazkia atera, eta balkoira ateratzeko prestatu dira. Bitartean, Aranberriri Messi oihuka aritu zaizkie arraunlariak –patroi zarauztarrak hamargarrenez irabazi du Kontxako bandera–, eta ekitaldi osoan zehar ezin alaiago ibili dira guztiak.

Hain zuzen, Aranberri izan da bandera astintzen lehena, eta taldeko patroi gazteari pasatu dio lekukoa. Arraunlarietako batek Palestinako bandera ere atera du jendaurrera, baita balkoian itsatsita utzi ere. Arraunlariek ez ezik, klubeko boluntarioek eta zuzendaritzako kideek ere astindu dute Kontxako bandera preziatua, eta batzuek hitza ere hartu dute. Ibon Arruti Aldapek, esaterako, bertsoa bota die herritarrei, eta txalo zaparrada ederra jaso du. 

Ondoren etorri da harrerako momentu bereziena: Gorka Aranberrik eta Martxel Aldaik Benito Lertxundi aurkitu dute jendartean, eta udaletxeko balkoira gonbidatu dute. Horrek baita gonbita onartu ere. Berak sortutako Mirotzak abestia abestu du arraunlariekin eta herriarekin batera, eta baita bandera astindu ere, arraunlari baten laguntzarekin. Hunkituta gelditu da bat baino gehiago.

Denen artean, xumeki, gau ahaztezina osatu dute; askok inoiz ahaztuko ez duen une horietako bat.

(Astelehenean, harrerako bideoa argitaratuko du Gukak)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide