Gaur jokatu dute Kontxako Banderako estropada erabakigarria, bigarren jardunaldia, alegia. Gizonetan, joan den igandean borroka latza izan zuten Oriok eta Zierbenak, eta mirotzak bizkorrago ibili baziren ere, Zierbena baino hiru segundo lehenago helmugaratuta (18:56,36 denboran), azkenean ehuneneko batzuk atzetik gelditu ziren oriotarrak, epaileek estropada hasi aurretik horri jarritako hiru segundoko zigorragatik.
Iker Zabala entrenatzaileak asteazkenean esana zuen: gaurkoan Oriok edo Zierbenak, bietako batek, estropada apurtu egingo zuela. Eta halaxe izan da: Orio izan da gaurkoan jaun eta jabe, eta beraiena da aurtengo Kontxako Bandera.
Zierbena, Bermeo eta Donostiarrarekin lehiatu da Orio, Ohorezko Txandan. Garbi zuten oriotarrek gaur egin beharrekoa, eta horixe da uretan hasiera-hasieratik erakutsi dutena. Bigarrenarekiko, Zierbenarekiko, 10 segundo inguruko aldearekin egin du estropada osoa, erosotasunez, baina guardia jaitsi gabe. Azken paladetan aldea handitzea lortu dute, eta Zierbenari 14 segundoko tartea ateratzera heldu dira bigarren luzean.
Kontxako itsasertza gero eta gertuago zuen Oriok, bandera eskuratzear zeuden, eta une horretan zoramena sortzen hasi da zaleen artean. 19:36:06ko denboran zeharkatu du helmuga Oriok, eta 33. aldiz irabazi du Kontxako Bandera. Zierbena heldu da bigarren, 19:48.60ko denboran; hirugarren egin du Bermeok, 20:01.92ko denboran, eta laugarren izan da Donostiarra, 20:09.06ko denborarekin.
Hona hemen bigarren jardunaldiko sailkapena:
- Orio: 19:36.00
- Zierbena: 19:48.60
- Bermeo: 20:01.92
- Donostiarra: 20:09.06
- Getaria: 20:11.52
- Lekittarra: 20:23.82
- San Juan: 20:30.86
- Hondarribia: 20:32.98
Hona hemen sailkapen orokorra:
- Orio: 38:35.36
- Zierbena: 38:47.86
- Bermeo: 39:07.36
- Donostiarra: 39:24.12
- Getaria: 39:31.64
- Hondarribia: 39:54.84
- San Juan: 40:05.58
- Lekittarra: 40:06.68