Lortu dituzuen emaitzak lortuta, errazagoa egingo da Galiziatik etxerako bidaia luzea, ezta?
Bi banderak irabazita, liga matematikoki irabazita, buelta errazagoa egiten da, bai. Hala ere, ostegunean daukagu Kontxako sailkapena, eta horretan kontzentratu behar dugu orain.
Erlaxatzeko eta ospakizunetarako tarterik ez dago, beraz.
Hori da. Aurreneko helburua Kontxara sailkatzea izango da, eta gero, lehiatzera. Bi igande dira, kuporik bete beharrik ez dago, eta aurkariak ere dena ematera aterako dira; egun horretarako bereziki prestatuko dira taldeak. Azken estropada hauetako denborak ere hor daude: gaur [atzo] Bermeo gugandik hiru segundotara helmugaratu da, eta atzo [larunbata] Zierbena, bi segundotara. Beraz, pixkanaka joan behar dugu, gure lana eginez eta Orio hoberena erakutsiz.
Faboritoak zarete, herrian ilusio handia sumatzen da. Horrek are presio gehiago eragiten al du?
Hau kirola da, eta edozer gerta daiteke. Kontxa ez irabaztea gogorra litzateke; ez dugu halako situaziorik irudikatzen. Baina aurkariak hor daude, puntako taldeak dituzte, denak dira gai bi estropada oso on egiteko, eta lehiatzera atera behar dugu, hankak lurrean ditugula. Gero, hoberenak irabaz dezala.
Kontxakoa laster argituko da. Ligari dagokionez, oraindik amaitu ez den arren, ezin da gehiago eskatu, ezta?
Bi estropada falta dira Eusko Label liga amaitzeko, eta Urdaibaik iaz jarritako errekorra berdindu dugu; hau da, hamalau bandera irabaztea. Beraz, orain errekor hori hobetzeko aukera daukagu, non eta Bermeoko estropadan. Puntuei dagokienez, iaz Bermeok 227 puntu lortu zituen, eta guk 210 daramatzagu. Beraz, hori hobetzeko aukera ere badugu [12 puntu jasotzen ditu estropada irabazten duenak].
Beraz, orain Orioren helburua errekor horiek hobetzea da.
Bai. Datozen bi igandeetan dena ematera aterako gara Kontxan, behin sailkatuta, noski, eta azkeneko asteburuan, ligako erremate hori egiten saiatuko gara: behintzat bandera bat ateratzea eta zapore onarekin amaitu ahal izatea da asmoa. Behin liga amaituta, ospatuko dugu ospatu beharrekoa.
Herrian zalaparta egon zen denboraldi hasieran, gizonezkoen entrenatzailea aldatzea eta fitxaketak egitea erabaki zenean. Emaitza hauek ikusita, uste duzue lasaitu dela herria zentzu horretan?
Emaitzak iritsi ahala jendea animatu egin da, bazkide berriak egin dira, herriko etxeetan Orioko bandera asko ikusten dira eta arropa salmenta ere, adibidez, oso ona izan da. Uste dut herrian ilusioa eragin duela. Azken batean, asteburuero ari gara irabazten eta alironak egiten. Orio B ere ondo ibili da, eta neskekin ere bi estropada irabazi ditugu eta puntan ibili gara. Beraz, herrian urte hasieran desadostasuna egon zen arren, orain askok iritzia aldatu dute, edo behintzat ez dira hain kritiko. Beti egongo da kritikatzen duen jendea, baina erabakiak erabakiak dira, eta onerako edo txarrerako, hartu beharra daude.
Aurten mutilen taldea indartuta, hurrengo denboraldira begira nesken trainerua indartzeko marjena edukiko al du klubak?
Bai. Iaz mutiletan aldaketa asko egon ziren eta jendea horrekin gelditu zen, baina nesketan ere egin genituen fitxaketa batzuk, saiatu ginen taldea indartzen. Egia da mutilek lortutako emaitzek itzal pixka bat egin dietela nesken emaitzei, baina oraintxe buru-belarri gabiltza neskekin datorren urtera begira. Zuzendaritza hartu genuenan, gure helburua argia zen: taldeak hobetzea bai nesketan, bai mutiletan, eta horretan ari gara lanean. Bi taldeez gain, arraun eskolari ere garrantzia handia ematen diogu, eta iaz, esaterako, aldaketa dezente egin genituen, eta aurten jarraipena eman diogu proiektuari, klubean behetik gora, dena indartu nahi dugulako.