23. Eusko Label ligak badu txapelduna: Orio. Bi jardunaldi falta dira liga amaitzeko, baina gaur Aresen (Galizia) ligako hamalaugarren estropada irabazita, matematikoki ligako garaile bilakatu da. Nahikoa zuen bosgarren tokia liga bereganatzeko, sailkapenean 198 puntu baizituen, eta Zierbenak, 170. Gaurko estropadaren ondoren, 210 puntu ditu Orio Arraunketa Elkartearen taldeak, eta 179, Zierbenak.
Atzo bezala, gaurko estropadan ere lehia bizia jokatu dute oriotarrek eta galipoek aurreneko luzean, baina gero Oriok tartea zabaldu du, eta gainerako ontziengandik bost-sei segundo aurretik ibili da. Zierbena atzean ere gelditu da, baina berehala segundoak errekuperatu, eta lau segundora gerturatu da berriro. Bermeo ere lehian sartuta ibili da, eta Zierbenaren aurretik jarri da azken luzean, eta Oriorengandik hiru segundora helmugaratu da azkenean. Oriok 20:12,90 denboran amaitu ditu lanak, eta Bermeok, berriz, 20:16,66 denboran. Donostiarra izan da hirugarren 20:23,64 denborarekin, eta Zierbena laugarren postuan sailkatu da azkenean, 20:26,90 denbora eginda.
Oriok 2019an irabazi zuen aurrenekoz Eusko Label liga, Jon Salsamendi entrenatzaile zutela –aurten Bermeo entrenatzen ari da Salsamendi oriotarra–. Oraingoan, gainera, bermeotarren errekorra berdindu dute; alegia, ligan hamalau garaipen izatea.
Taldea gauean iritsiko da Galiziatik Oriora, eta heldu bezain pronto egingo diete harrera herritarrek, Herriko Plazan.
Orain bai, Kontxara begira
Estropada amaitu berritan, Ibon Arruti Aldape arraunlari oriotarrak egin dizkio adierazpenak EITBri. Pozik agertu da asteburuko bi garaipenengatik, eta aitortu du orain Kontxara begira jarriko direla: "Burua bere tokian mantentzeko, onena irabaztea izaten da, betiko lanari jarraitzea, eta gaurkoa pasata, orain bai, ostegunera eta igandera begira jarriko gara".
Azpimarratu du lortutako garaipenen atzean lan handia dagoela, eta beste taldeen maila goraipatuz, Kontxan aurkariak ere dena ematera aterako direla ziurtatu du: "Zenbakiei begiratuta badirudi dena erraza izan dela, baina ez, neguko lanak ekarri ditu fruituak. Horrez gain, aurkariak kontuan hartzekoak izango dira Kontxan: Zierbenak estropada oso onak egin ditu ligan, baita Donostiarrak ere denboraldi hasieran, eta gaur ikusi dugu nolako saioa egin duen Bermeok. Beraz, erlaxatzerik ez dago Kontxara begira, aurkariek beste puntutxo bat emango dute han".