Harrera goxoa Eusko Label ligako txapeldunei

Onintza Lete Arrieta 2025ko ira. 1a, 07:47

Galizian jokatu dituzte asteburuko bi estropadak, eta bi banderekin eta ligako txapeldun bihurtuta itzuli ziren Orio Arraunketa Elkarteko mutilak atzo herrira. Itzuli orduko egin zieten harrera, 21:30ean.

Ongietorri xume baina beroa jaso zuen atzo gauean Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen traineruak, Galiziatik herrira iritsi orduko. Asteburuko bi banderak irabazita, Eusko Label ligako txapeldun bihurtu da matematikoki Orio, eta pozarren ziren zaleak nahiz arraunlariak. 21:30ean hasi zen ongietorria, eta horregatik, besteetan baino herritar gutxiago elkartu zen plazan; izan ere, harrera 22:00etan zela uste zuten askok.

Kontuak kontu, elkartutakoek ongietorri goxoa egin zieten kirolariei –Anuska Esnal alkateak egin zien harrera udaletxean–, eta oraingoan ere ez zuten Orioko Txarangaren alaitasunik falta izan. Hiru kantu berri jo zituen horrek, gainera, atzoko emanaldian.

Ospakizuna bai, baina tamainan, aste honetan bi hitzordu garrantzitsu dituztelako Orioko neska-mutilek: Kontxarako sailkapenak, eta Kontxako lehenengo jardunaldia. Gogoa hitzordu horietan  jarrita zuten atzo herrira itzuli zirenerako. Emakumezkoek asteazkenean jokatuko dute sailkapen estropada, eta gizonezkoek, ostegunean. 18:00etan hasiko dira bi hitzorduak.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide