Aldaketa garaia da udazkena arraun klubetan, eta ez naiz ari arraunlarien joan-etorriaz oraindik. Toki berera hilabeteetan joan dena ez da etorriko hainbat astetan. Buruari eta gorputzari etzateko ordua heldu zaie, baina luze etzatekoa, ez traineruan etzateko beste hori.
Klub barruko espazioaren antolaketa ere mudatu egingo da. Hainbat hilabetez baldan kieto egon behar izan duten batelak uretan jartzeko garaia da orain. Eta nola ez, beste ontzi handiago horientzat baldara itzultzekoa: buelta emango diete, eta duela hilabete askotik barruan bizitako, gordetako, askatutako, gozatutako eta sufritutako bizipen guztiak erori egingo dira.
Kirol instalazio hauek azokaren arropaz janzten hasiko dira, hasita ez badaude, dagoeneko. Kirol lekua, merkatu. Udan, fruta saltokiak ere ematen dutenak, arraunlarien elikaduran ezinbesteko direnak oso presente egoten direlako, arraunlarien, eta kasu batzuetan, entrenatzaileen salerosketaren Pertsiako merkatuen antza hartuko dute. Telefonoak sutan zuzendaritzako kideek. Baina entrenatzaileek ere. Garesti egongo da udazken honetan ere traineruak osatzea askoren kasuan
Arraunlarien joan eta etorriak beste esanahi bat ere hartuko du hemendik aurrera. Beste molde batekoa hasiko da azaltzen klubera. Arrauna zer den ezagutzea erabaki duen ume koskorra; iaz ezagutzen hasi zena eta gustatu egin zitzaionez, bueltatzea erabaki duena; eta aurreko urteetan pilatutako eskarmentuaz, kluba eta mundua jatera doan nerabea. Ez, arraunlariek ez dute bakarrik utziko kluba. Harrobikoak ere arraunlariak direlako. Ezinbesteko, aste batzuen buruan urtero klubean prestakuntza luzeari ekitera etortzen den arraunlariak etortzen segi dezan; oinarrizko, datozen urteetako udazkenetan ere traineruari buelta emateko, barruan bizi izandako sentipen guztiak erortzen uzteko; eta funtsezko, zorionez edo zoritxarrez, edota zorionez eta zoritxarrez, arrauna merkatu izateko aldia izan dadin hurrengo udazkenetan.
Ez baita bukatzen arrauna traineruak lehorrean lagatzearekin. Hori ematen badu ere. Ez baitira soilik arraunlariak udan telebistan eta komunikabideetan ateratzen ditugunak. Hala badirudi ere. Arrauna ez da hilabete gutxi batzuetako kirola. Urte osoan ez da-eta gelditzen. Arrauna bada, ordea, kasu zipitzik egiten ez zaion gure kirola urteko hilabete ilunenetan. Biziko ez balitz bezala. Harrobiko arraunlarien gertukoenek bakarrik bizi izaten duten hori.
Arraunaren azken urteetako bilakaerari bide hau ematea erabaki duten batzuen erabakiek ezinbesteko, oinarrizko eta funtsezko diren hauek guztiak ia bazterreko bihurtu ditu. Desditxa izatera kondenatu. Fortuna, eta gizartearen erakusleiho ustez ponposoan azaltzeko fortuna uda sasoiko horri bakarrik ematea deliberatu zuelako norbait multzo batek noizbait eta nonbait. Nahiz eta orain, eredutzat erakutsiko den Zarauzko Enbata perfektuaren arrakasta, adibidez. Badelako bide baten loria, baina egongo delako bi egunetan bakarrik agertokian. Izan ere, arrauna bukatutzat ematen da udarekin batera. Agur.
Zumaiako klubean boluntario lan ederrak egiten ibiltzen zen batek, behin Donostiako Fortuna arraun elkartekoei esan zien bezala; “hau Fortuna bada, zer ote da desditxa?!”. Trainerua txiki eginda utzi zieten gau batean donostiarrei hor nonbait, eta horrela bota zien. Arraunean eta arraunarentzat, gaur egun zer eta zein den fortuna eta desditxa bada zer pentsatu.