Beste ezer baino lehen, zorionik beroenak eman nahi dizkiet Orio eta Arraun Lagunak elkarteetako partaide eta jarraitzaile guztiei, Eusko Label eta Euskotren Ligetan, txapelketa ofizialetan eta Kontxako lehen jardunaldian emandako erakustaldiek omenaldirik handienak merezi bait dituzte.
Goren mailako traineruek uda honetako estropadak burutzeko behar izan dituzten denborak krisialdi nabarmen baten isla izan arren, gainbehera horrek ezin dio distirarik kendu Iker Zabalak eta Juan Mari Etxabek gidatutako taldeek egindakoari. Bi kluben lorpenek ohorezko tokia izango dute gure kirolaren historian.
Baina banderak astindu gabe geratu direnen artean, badira goraipatu beharreko elkarte eta kirolari asko:
- Gizonezkoen Donostiarra traineruak bizirik mantendu zuen atzo aurtengo Kontxa. Orio ahaltsuari aurre egin izanak itxaropenez bete du Igor Makazagaren mutilentzat ilunegia izan den denboraldia. Gutxien espero genuenean, ahaztezina izan daitekeen susperraldia eskaini ziguten.
- Getariarrak lau aldiz izan dira bigarren Eusko Label Ligako 19 estropadetan eta, azken txanpan, Jon Larrañagaren arraunlariek hirugarren postua bilatuko dute Bermeo indartsuaren kontra. Gainera, brontzea eskuratu zuten Gipuzkoako Txapelketan eta laugarrenak izan ziren Euskal Herrikoan. Ez dago modu egokiagorik Klubaren 50. urteurrena ospatzeko eta herritarren poza pizteko.
- Zierbenak zazpi bigarren postu sinatu ditu Ligan eta, laugarren urtez, galipoak txapeldunordeak izango dira Dani Perez galiziarraren aginduetara. Atzo, hirugarren sailkatu ziren Kontxan haien txanda irabazi eta gero.
- Hondarribia bosgarrena da Ligan. Hiru aldiz igo dira podiumeko bigarren tokira eta beste horrenbestetan hirugarrengora. Euskal Herriko Txapelketan ere brontzezko domina jaso zuten. Gainera, Mikel Orbañanos entrenatzaileak harrobiko 14 mutilekin osatu zuen eskifaia, Galiziako Aresen jokatutako Banderan balio handiko seigarren postuan amaituz. Hori gutxi balitz, emakumeen traineruak Euskotren Ligara igotzeko fasean parte hartuko du bigarren mailako txapeldun izan ostean.
- Tolosaldeak 10 norgehiagoketan bukatu du Arraun Lagunak txapeldunaren txopan Euskotren Ligan. Burua makurtzen ez duenak balio erantsia ematen dio lehiaketari.
- San Juango batelerek harrobiko 13 ordezkariekin jokatu dituzte Euskotren Ligako estropada denak eta hirugarren postuan amaitu dute. Anartz Gereñoren eskutik, arrosen itzulera bikaina izan da.
- Markel Akarregik ez du inoiz ahaztuko Isuntzako lehen entrenatzaile bezala debutatu duen denboraldian lortutakoa. Bere herritarrek ere ez! Zilarra Bizkaiko Txapelketan, zazpigarren postua Eusko Label Ligan eta seigarrena Kontxako lehen jardunaldian. Eta hori dena, trainerua gaztetuz.
- Xanti Zabaleta ere ate handitik itzuli da Orio Arraunketa Elkartera. Emakumeen egonezinari buelta eman, taldea eraberritu eta laugarrenak izan dira Euskotren Ligan. Handia zara Xanti!
- Asier Arego patroiak funtsezko lana egin du Santurtziko traineruak mailari eutsi ahal izateko. Elantxobeko semeak Kontxako Bandera bat eta hiru Liga irabazi zituen Bermeorekin… Orain, Soteran, Markel Lujua gaztearen irakaslea izan da eta maixutasunez gidatu du ontzia itsaso nahasiko egunetan.
Bukatu aurretik, Kontxaren osteko play-offei begira, bultzada berezi bat Deustuko eta Zarauzko arraunlariei. Nire bi semeak gorriz jantzita saiatuko dira igoeraren bila eta, jaioterriko neska-mutilak, kolore urdinez. Gora zuek!