Zirt edo zart

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Olazabal 2026ko abuztuaren 10a

Zumaiako saregileak, Ondarroako estropadan, larunbatean. (Aitor Arrizabalaga/TKE)

Traineru denboraldia martxan da, eta Gukak, astero, arraunaz analisia eskainiko die irakurleei. Bederatzigarren iritzia Mikel Olazabal kazetari eta arraun aditu zarauztarrak idatzi du.

Traineru denboraldiaren erdia beteta, gure arraun elkarteetako partaide guztiei zirt edo zart egiteko garaia heldu zaie. Zarauzko Ikurrinak, Kontxako Banderak eta play-offetako hil ala biziko neurketak datoz bata bestearen atzetik. Eta hori dena gutxi balitz, getariarren kasuan, Klubaren 50. urteurreneko estropada ere bai. 

Oriotarrak pronostikoak betetzen ari dira Eusko Label Ligan. Iaz, hamahirugarren jardunaldiaren amaieran, 27 puntuko errenta zuten Zierbenaren aurretik, Donostiarra 28ra zegoen eta Bermeo 39ra. Aurten, Iker Zabalaren gizonek lortutako abantaila ez da asko murriztu: 23 puntu Zierbenari, 34 Bermeori eta 37 Getariari.  

San Nikolas trainerukoek erakustaldiak pilatu dituzte orain artean eta, beti bezala, Kontxa izango da agintaldia borobiltzeko bilatuko duten helburua.  

Orioko emakumeak, laugarrenak dira Euskotren Ligan eta, neguko gorabeheren ostean, bada zerbait. Ea nola moldatzen diren Kontxan!  

Ez ditut ahaztu nahi, B ontziko mirotzak. Anjel Larrañagak gidatutako arraunlariek izerdi asko bota beharko dute maila ez galtzeko. Hemendik, nire bultzada gazte guztientzat.  

Izarren artera itzulita, getariarren jarduna eredugarria izaten ari da eta laugarrenak dira Ligako sailkapen nagusian. Jon Larrañagaren mutilak 2021ean igo ziren Eusko Label Ligara eta, ordutik hona, beti mantendu dira zazpi onenen artean. Zorionak! 

Orain arteko lerroetan datuak erabili ditut oinarri bezala baina dena ez da zenbaki hotzekin neurtzen eta gure eskualdeko kirolarien sendotasuna goraipatu nahi nuke jarraian.    

Euskotren Ligako azkenak izan arren Zumaiako emakumeek nortasun handia dutela frogatu digute asteburuero. Lau norgehiagoken faltan, Kike Manterolak gidatutako gorrientzat zuzenean jaitsi gabe play-offa jokatzea lorpen baliotsua litzateke. 

Esan dezagun egia: Iaz izandako hamar bajak ordezkatzeko zazpi jubenil eta hogei urtetik gorako hiru arraunlari bakarrik heldu dira Saregileak ontzira. Horrela, mirari bat litzateke mailari eutsi ahal izatea! 

Txapela kenduko dut Kike Manterola entrenatzailearen lana goraipatzeko. 2012 eta 2013an bi Liga eta Kontxa bat lortu eta gero, balaunaldi gazte baten maisu izatea onartu zuen zumaiarrak berriz ere onenen artean kokatzeko. Igo, mailari eutsi… eta, eskifaiaren erdia joan arren, erantzunkizuna hartu eta jarraitzea erabaki zuen. Handia zara Kike!  

Zarautzen, ni gaztea nintzela hasi zen surfa zaleak erakartzen. Mende erdi bat beranduago surflariak dira nagusi Allepuntatik Mollarriraino. Hale ere, “txeroki” multzo batek bizirik mantendu du Arraun Elkartea eta, harrigarria bada ere, emakumeen eta gizonen Enbata traineruek, zeruak eta lurrak bat egiten ez badute, igoerarako play-offak jokatuko dituzte irailean. 

KAE1 Liga bukatzeko hiru estropada bakarrik falta dira eta Deustu kokatu da sailkapenaren buruan. Gari Urangaren ontzia bigarrena da Zumaiaren aurretik. Bilbotarrek zazpi bandera lortu dituzte eta zarauztarrek 6.  

ETE Ligan ere beste hiru bandera izango dira jokoan Kontxaren atarian. Gero etorriko da Euskotren Ligarako play-offa. Hondarribia eta Zarautz ariko dira bertan. Iaz, Juanjo Etxarteren arraunlariek kanporaketako azken luzean galdu zuten denboraldi osoan landutakoa… 

Zarauzko arraunlariek eta zaleek badakite, surfa, futbola eta eskubaloia aurretik dituztela gaur egun, baina ez dute amore eman nahi. 

Izaera sendoa eta gogoa! Hori da garaipenerako giltza! 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide