Gardentasunez azalduko dizuet harrobiko arraunlari gazteak bultzatzeko apustu ausarta egitearen aldekoa naizela. Egitasmo sendo bat behar dugu euskal arraunketaren etorkizuna bermatzeko.
Duela astebete, bi arraunlari aurkitu nituen bide-bazterrean KAE 1 ligako estropada jokatu ostean. Bata, lurrean, egundoko botalarriarekin, gorputzari buelta eman ezinik, hustuta! Bestea, taldekide leiala, aldamenean, bi motxila erraldoi bizkarrean hartuta…
Egoera bere onera itzuli eta gero, etxera heldu bitartean, hausnarketari ekin nion: Zer eskaintzen die euskal arraunketak egungo neska-mutilei?
Alde batetik, baditugu Kontxa, Eusko Label eta Euskotren ligak, txapelketa ofizialak, KAE eta ETE ligak eta, aurrez, batel eta trainerilla denboraldiak. Baita olinpiar erako lehiaketen egutegi apal bat ere.
Bestetik, Klubetan, ekonomikoki ia itota eta errelebo bila ahal dutena egiten ari diren boluntarioak. Federazioetan, duintasunez bizirik jarraitzearekin konformatzen diren arduradunak. Eta, erakunde publikoetan, txanpon batzuk banatuz, animoak eman eta lasai geratzen diren politikariak.
Noiz arte iraungo du kirolari hauen ilusioak? Ez al zen ba arraunketa euskal nortasuna bultzatzeko tresna "estrategiko" bat?
Erretiroa hartu eta gero, denbora libre gehiago dudala aprobetxatuz, aspaldi landu nahi nuen gai bat aztertzen ari naiz. Eusko Label, Euskotren, KAE 1 eta ETE ligetako "harrobiko arraunlarien" partaidetzak konparatzeari ekin diot eta, traineru bakoitzean 14 tripulatzaile ditugula kontuan hartuz, lehen jardunaldietako datuak oso adierazgarriak dira:
a) Eusko Label liga, 5 estropada:
- Harrobiko gehien: Lekittarra (9.8), Hondarribia (9.6) eta San Juan (9.2).
- Faboritoek, araudiak agindutako gutxieneko kupoa: Orio (5), Bermeo (5), Zierbena (5) eta Donostiarra (5).
b) Euskotren liga, 5 estropada:
- Harrobiko gehien: San Juan (13), Hibaika (10.8) eta Zumaia (9).
- Harrobiko gutxien: Arraun Lagunak (3.2), Orio (4.2) eta Astillero (5.2).
c) KAE 1 liga, 6 estropada:
- Harrobiko gehien: Hondarribia (12), Zarautz (10.8) eta Zumaia (10.7).
- Harrobiko gutxien: Kaiku (4.7), Pedreña (5.5) eta Hibaika (5.7).
d) ETE liga, 6 estropada:
- Harrobiko gehien: Ondarroa (11.2), Zarautz (10.5) eta Lekittarra (8.7).
- Harrobiko gutxien: Deustu (4), Kaiku (5.7) eta Hernani (7.2).
Zenbakiak hotzak dira beti eta galbahetik pasa beharrekoak. Baina, batipat Eusko Label ligan, oso garbi ikusten da garaipen bila doazen elkarte indartsuenek fitxaketak dituztela zutabe bezala. Txintxin, txintxin…
Azken lerroak, Nagore Osoro eta Asier Zurinaga patroiei eskaini nahi dizkiet.
Larunbatean Castro Urdialesen (Espainia) jokatutako CaixaBank Banderetan, Nagorek maisutasunez zuzendu zuen Arraun Lagunak taldekoen Lugañene ontzia. Agindu, animatu, gidatu, enfilazioarekin asmatu, ziaboga dotorea egin… eta, gero, tranpaldora igo eta egundoko erakustaldia eman poparean! Bejondeizula, Nagore!
Bide batez, galdera bat Euskotren ligako arduradunei: horrelako lana egin ostean, nola demontre izan zitekeen Nagore Osoro hirugarren patroia jardunaldiko sailkapenean?
Asier Zurinaga ere dotore jardun zen Bou Bizkaia traineruaren txopan eta bermeotarrek bandera eraman zuten etxera. Kasu honetan, Ligak, bosgarren postuan kokatu zuen Zurinaga. Zertan ari dira? Ez al dugu arlo kualitatiboa zaindu behar?