ANALISIA

Gora traineru estropadak!

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Olazabal 2026ko ekainaren 15a

Getariako eta Orioko gizonezkoen traineruak, Getariako arranplan, Euskadiko Traineru Txapelketa amaitu berritan. (Onintza Lete Arrieta)

Traineru denboraldia martxan da, eta laster hasiko dira traineru denboraldiko ligak ere; Euskotren, Eusko Label, KAE1 eta ETE. Gukak, astero, arraunaz analisia eskainiko die irakurleei. Aurrenekoa Mikel Olazabal kazetari eta arraun aditu zarauztarrak idatzi du. 

Txapelketa ofizialek eman diote hasiera aurtengo traineru denboraldiari eta gure eskualdeko arraun elkarteei buruzko lerro batzuk idatziko ditut tarteka.

Gizonezkoen mailan, Oriok Gipuzkoako, Euskal Herriko eta Espainiako Txapelketak irabazi ditu azken hiru asteotan 2025eko nagusitasuna errepikatuz. Horretarako fitxatu zuten Iker Zabala entrenatzailea, eta bermeotarrak ekarpen galanta egin dio horien palmaresari. Eusko Label Ligarako eta Kontxarako ere faborito argiak dira.

Hala ere, jardun distiratsu horrek baditu, nire ustez, eztabaidarako bi arlo: 

-Oriok dena irabazi du trainerilletan harrobiko arraunlari bakar batekin. Zazpi kirolari ontzian, eta Mikel Lizarralde izan da etxeko bakarra. Ez al da hori klubak historian zehar landutako izaera aldatzea?

-Olinpiar erako Espainiako Txapelketan, Legution jokatutako senior mailako zortzikoen finalean, Sevillako Nautico, Hondarribia eta Sevillako Labradores igo ziren podiumera, eta Hondarribia B izan zen laugarrena Santiagotarrak eta Getxo gaindituz. Orioko gizonek ez zuten parte hartu. Txapelketa Euskal Herrira ekarri… eta oriotarren zortzikoa falta. Ez sinisteko modukoa!

Bestalde, iazko gorabeheren ostean, Orioko emakumeek epe berri bat hasi dute traineruan Xanti Zabaletaren aginduetara. Nire bultzada hemendik kirolariei eta Zabaleta jaunari.

Zumaiak merito handiko laugarren postuan amaitu zuen iaz Euskotren liga eta, gero, bosgarrenak izan ziren Kontxan. Horren ostean, zur eta lur gelditu nintzen Saregileen kuadrillan 11 baja izango zirela jakin nuenean, eta nire harridura handiagoa izan da aurten, ligarako, 18 urtetik beherako zazpi arraunlari lehen taldera igo dituztela jakin dudanean. Onena opa diet gazteei eta, zorionez, bizkar zabala duen Kike Manterola entrenatzaileari.

KAE1 ligari begira, Telmo Deun trainerua izan daiteke igoerarako hautagai sendoenetako bat. Ea Mikel Portularrume kementsuak eta bere mutilek asmatzen duten.

Getariako Arraun Elkarteak 50 urte bete ditu aurten. Beste ezer baino lehen, txapela kenduko dut Elkanoren oinordekoak zoriontzeko. Batik bat, kluba sortu aurretik, bost Kontxa irabazi zituzten haiek eta 2011n Euskotren ligan txapeldun izandakoak goraipatu nahi ditut.

Oraingoak ere, ez dira makalak! Brontzea Gipuzkoako Txapelketan eta laugarren Euskadikoan Zierbena eta Bermeo atzean utziz. Iaz, seigarrenak izan ziren Eusko Label ligan, eta ez litzateke harritzekoa izango uda honetan beste aurrerapauso bat ematea.

Jon Larrañaga Isasti da gorakada horren arduradun nagusia. Besteak beste, Luxia, Mikel Orbañanos eta Jose Luis Korta izan zituen maixu bere ibilbidean eta, haiek irakatsitakoa uztartuz, lortu du Getaria Eusko Label ligako talde sendo bat izatea. Bera da, gainera, Juan Luis Amilibia handiaren ontziolatik ateratako trainerurik berritzaileena ondo zukutzea lortu duen teknikari bakarra. Eta hori, asko esatea da.

Noraino helduko da Esperantza trainerua? Jarrai dezatela oilarrei hortzak erakusten!

Azken lerroak, Zarautzi buruz.

Urte berean, emakumeen eta gizonen traineruak igoerarako play-offerako sailkatzea ikaragarria litzateke. Amets egiten hasita, Euskotren eta Eusko Label ligetara elkarrekin igotzea, historiarako balentria izango genuke…

Oso ondo dakit ze neurritakoa den erronka horren zailtasun maila!

Baina, zergatik ez?

Gora Zarauzko Enbatak!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide