TOKIKOMek lau urte

Karkara 2016ko mar. 22a, 08:25

Azkar joaten da gero, denbora. 2016ko martxoaren 17an lau urte bete dira TOKIKOM eratu genuenetik. 

Panorama kezkagarria genuen orduan toki komunikabideetan: publizitate sarrerak murrizten, diru-laguntzetan ere gero eta diru gutxiago, eta erakunde publikoetatik mezu argia, egitura txikientzako gero eta laguntza txikiagoa izango zela. Horrez gain, euskal hedabideen sektore osoa ere bere burua antolatzen ari zen, gerora Hekimen elkartea izango zena sortzeko prozesuan, eta tokiko komunikabideok ezinbestekotzat jo genuen foro horretan ere geure burua ondo islatuta ikustea.

Kontestu horretan erabaki genuen artean Euskaltzaleen Topagunearen Hedabide Saila zenari izaera juridiko propioa eman eta TOKIKOM eratzea. Topagunea bera eta 19 komunikabide batu ziren ekimenera, eta harez geroztik beste sei bazkidek bat egin dute taldearekin. Hiru helburu eman genizkion TOKIKOMi:

  • Toki komunikabideen solaskidetza bateratua bereganatzea, erakundeen zein beste eragile batzuen aurrean.
  • Toki komunikabideen jarduerako esparru komunak kudeatzea, energiak hobeto aprobetxatze aldera.
  • Toki komunikabideen etorkizunaz gogoeta egin eta garatzeko bideak proposatzea.

Oraindik badugu zer hobetua, baina lau urteko ibilbidean hiru helburu horiei ondo eutsi diegula esan daiteke: TOKIKOMek solaskidetza aitortua du erakunde publikoen zein beste hainbat eragileren aldetik, eta parte oso aktiboa da, adibidez Hekimen euskal hedabideen elkartean.

Esparru komunetan, aurrerapauso handiak egin ditugu teknologia alorrean, TOKIKOM Plataforma eta aplikazioetarako motore komunak sortuz, eta erritmoa azkartzen hasi gara publizitate bateratua, diseinu konpartituetan eta kudeaketa aurreratua bezalako gaietan.

Gogoetari dagokionez ere, mugarri garrantzitsua suposatu du Bi solairuko etxearen planteamenduak, 2016an zehar bigarren buelta bat eman nahi dioguna.

Eta beharbada garrantzitsuena: astiro-astiro baina etengabe, hurbiltze bat gertatzen ari da taldea osatzen duten 26 bazkideen artean, eta gero eta gehiago dira elkarlanerako sortzen diren foro eta ideiak. TOKIKOM sortzerakoan esaten genuen moduan: indarren metaketatik ez ezik, ahultasunen metaketatik ere indar handia sortzen da. Eta luzaro izan dadila horrela!

Erlazionatuak

Bagara. Badakigu

Urko Aristi. TOKIKOMeko presidente eta Araitz-Beteluko Mailope aldizkariko kidea 2016 mar 22 Aia Orio

Zaharrak berri

Karkara 2016 mar 22 Aia Orio

Transatlantikoa

Gorka Zabaleta, Zumaiako Baleike hilabetekaria 2016 mar 22 Aia Orio

Penak eta pozak

Iban Arantzabal, Debagoienako Goiena astekaria. 2016 mar 22 Aia Orio

Inurritegia

Uribe-Kostako Hiruka astekariaren lan-taldea 2016 mar 22 Aia Orio

Ez gaude bakarrik

Goizeder Anton, Sakanako Guaixeren koordinatzailea 2016 mar 22 Aia Orio

Familia artean

Jon Villapun eta Maider IbaƱez, Hego Uribeko Geuria hilabetekaria 2016 mar 22 Aia Orio

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide