Entrenamendu luzeen ostean, hasi da gure lasterketa, eta podiumetik gertu gabiltza gainera. Potorik izan da bidean, baina bertso borobil askoa osatu dugula uste dut. Legealdi orok lau urteren buruan izaten du azterketa, eta gaindituz gero, aurrerako asmoen berri emateko ordua izaten da hori. Bisurtean jaio ginen gu. Onerako eta txarrerako, ezohiko gauzak gertatzen omen dira bisurteetan. Onerako izango al da gurea!
Bisurtetik bisurtera. Galdera izan zen aurrena: Egingo al dugu?. Borondate adierazpena gero: Bai, egingo dugu. Eta sententzia orain: Bai, egin dugu. Eta nola egin gainera! Autoestimua lantzeko ariketa ezin hobea izan da TOKIKOMen sorrera. Hori beti da onerako. Harrokeriatan hasita gabe, ordea, txukun antzera ari garela esango dugu. Asmatu dugula bidearekin, eta gure buruarekin gero eta seguruago gauden heinean, abiadura ere gero eta handiagoa hartu dugula. Baina ziztu bizian ibiltzeak ezin du aitzakia izan bideko paisaiaz ez gozatzeko. Izena lortu dugu, eta izanarekin bat datorren izena gainera. Lorea baino, lorategia gurea. Zubi dezente eraiki ditugu parajean: gure artekoak batzuk, eta gainerakoenganakoak besteak. Sendoak batzuk, sendotu beharrekoak besteak. Baina zubiak. Batetik besterakoak. Baita sarean ere, gero eta zabalagoa den sarean.
Kanpora begirakoa izaten da lorategia, eder eta ikusgarria. Ureztatu beharrekoa. Baina etxe barrua ere ari gara atontzen. Bigarren solairurako igogailua ere eraiki dugu, eta ttar-ttar bada ere, hortxe hasi da gora eta behera. Txantxetarako aukera eman zigun metaforak… Serio jarri, eta Excel-arekin trebatu ginen gero… Txostengintzan ere aditu bihurtu ginen… Eta modulua osatzeko karratu batek izan ditzakeen aldagai guztiekin txunditu… Eskertu behar, noski, guztiei ere. Mikel eta Inaziori, motorra eraikitzeagatik. Alaitzi, arrankatu eta abiadura sartzeagatik. Joxe eta Izaskuni, txangoa antolatzeagatik. Administrazio Kontseiluari, bidea aukeratzen laguntzeagatik. Eta batez ere bazkide guztiei, bidelagun izateagatik, eta bide hau uste baino erraz, baina batez ere, hain gozagarri eta eraikitzailea egiteagatik.
Ibilbidea hasi baino ez da egin. Lau urte. Gauza batzuetarako, epe luzeegia, laburra beste batzuetarako. Hartuko dugu denbora, beharrezko denbora, baina bagoaz… Nora? Argi xamar daukagu. Nola? Ustez, asmatu dugu. Nondik gatozen badakigu, eta nora joan nahi dugun ere bai. Bagarelako. Baginelako, eta susmoa genuelako. Baina orain, bagarela, erakutsi dugulako, baina batez ere, badakigulako.
Eutsi horri! Bejondeizuela!