Albistegia

Lagunarteko giro ona nagusi, Euskal Herriko Hondartza Eskubaloi Txapelketan

Intza Trula eta Gorka Eizagirre 2026ko ekainaren 7a

Zirkuituko lehenengo jardunaldia hartu zuen atzo Antilla hondartzak, hemezortzi talderekin. Erakustaldia eman zuten parte hartzaileek hondarretan, puntuaziorik altuena lortzeko askotariko trikimailuak egin baitzituzten baloia atera jaurtitzerakoan.

Eguraldia goibela izan zen atzo Antilla hondartzan, baina horrek ez zuen eraginik izan Euskal Herriko Hondartza Eskubaloi Txapelketan. Hemezortzi talde aritu ziren goizetik iluntzera txapelketa jokatzen zirkuituko lehen jardunaldian, gizon zein emakume, eta guztiaren gainetik, lagunartea nagusitu zen.

Orio Eragin eskubaloi klubak asteburu honetarako antolatutako Mola Mola Eragin Hondartza Eskubaloi Topaketaren barruko hitzordua izan zen atzokoa. Besteak beste, Orioko zein Zarauzko taldeek parte hartu zuten hitzorduan, eta jokalariek erakustaldi aparta eskaini zieten ikusleei; izan ere, puntuaziorik altuena eskuratzeko nahiak bultzatuta, trikimailu ugari egin zituzten baloia atera jaurti eta gola sartzerako orduan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide