Trebetasun handia erakusten ari dira hondartzako eskubaloi txapelketako parte hartzaileak

Intza Trula 2026ko ekainaren 6a

Euskal Herriko Hondartza Eskubaloi Txapelketako lehenengo jardunaldia jokatzen ari dira goizetik Antilla hondartzan. Orotara, hemezortzi talde ari dira lehian, eta erdiak baino gehiago emakumezkoen taldeak dira.

Euskal Herriko Hondartza Eskubaloi Txapelketa abian da jada, eta zirkuituko lehen jardunaldia Orioko Antilla hondartzan ari dira jokatzen. Orio Eragin eskubaloi klubak antolatuta, goizean hasi dituzte partidak, eta iluntzera arte luzatuko dira. Antolatzaileek kontatu duten moduan, hemezortzi taldek eman dute izena txapelketan, eta horietatik erdiak baino gehiago emakumezkoen taldeak dira.

Lau joko eremutan banatuta ari dira jokatzen partidak, eta tartean Orioko eta Zarauzko gaztetxoez osatutako taldeak daude. Elkar ezagutzen dute jokalarietako askok, eta, horrexegatik, beraien arteko partidetan laguntasuna nagusitu da, lehiakortasunaren gainetik. Haiez gain, Etxebarriko (Bizkaia) Kukullaga klubeko zein Bilboko Arangoiti klubeko taldeak ere ari dira parte hartzen.

Eguraldia ez da onena izaten ari, txapelketa ateri hasi badute ere, eguerdi partean zirimiria hasi baita. Dena den, giro aparta dago Antillan, bai jokalarien bai ikusleen artean.

Zirkuituko lehen jardunaldia da gaurkoa, baina ekainean zehar beste hainbat herri zeharkatuko ditu txapelketak. Gipuzkoan ez eizk, Bizkaian ere jokatuko dituzte neurketak: Basaurin, Plentzian, Sestaon eta Ereagan, kasurako.

Gaztetxoen topaketa

Gaur ez ezik, atzo ere izan zen eskubaloiaren bueltako festa Antilla hondartzan. Izan ere, gaurko txapelketa Mola Mola Eragin Hondartza Eskubaloi Topaketaren barruan ari dira jokatzen, eta topaketa horretako lehen hitzordua atzo izan zen. Kadete eta jubenil mailako partidak jokatu zituzten, besteak beste, Orioko, Zumaiako, Usurbilgo eta Beti Onak klubetako taldeak.

Hala, bihar topaketaren hirugarren eta azken eguna izango da, eta partidak Zumaian jokatuko dituzte. LH3 eta LH6 arteko gaztetxoek parte hartuko dute, 09:45etik aurrera. Gehienbat Zarauzko eta Orioko gazteez osatutako taldeek jokatuko dute, nahiz eta Andoaingo (Gipuzkoa) zenbait talde ere animatu diren topaketan parte hartzera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide