Guka gara!

Ihintza Elustondo eta Gorka Zabaleta: "Guka estrategia oso bat da aurrera begirako erronkei aurre egiteko"

Aitziber Arzallus 2024ko mai. 21a, 11:30

Aurrerantzean Gukaren aterkipean arituko dira UKTn batu ziren Urola Kostako zazpi hedabideak. Ihintza Elustondo (Azpeitia, 1993) eta Gorka Zabaleta (Zumaia, 1973) kideek eman dituzte azalpenak.

Urola Kostako zazpi tokiko hedabidek Urolako Komunikazio Taldea (UKT) kooperatiba sortu zenuten 2019an. Zergatik erabaki zenuten egitura bakarrean biltzea?

Gorka Zabaleta: Eskualdeko zazpi hedabidek UKT sortu genuen eta erabaki genuen egitura bakar batean biltzea gaur egun kazetaritza egiteko baliabide asko behar direlako. Duela 25-30 urte, herriko aldizkaria argitaratzeko nahikoa zen kazetari talde bat biltzea, eta kolaboratzaile sare batekin, aurrera egiteko modua zegoen. Gaur egun, ordea, teknologia arloko aurrerapenek eta digitalizazioak ekarri dituzten aldaketekin, geroz eta konplexuagoa da kazetaritzaren eta komunikazioaren mundua; horri erantzun ahal izateko baliabide gehiago behar dira. Hedabide guztiok ikusten genuen bakarka ezin genuela aurrera egin, eta horregatik erabaki genuen bat egitea eta kooperatiba sortzea.

Orain, bost urte beranduago, Guka plazaratu duzue. Zer da Guka?

G.Z.: Bost urte hauetan UKTren lanak izan dira, batetik, etxea barrutik antolatzea; eta bestetik, hedabide sortzaileengandik jasotako aldizkariak, webguneak eta gainontzekoak txukuntzea eta hobetzea, ahal zen neurrian behintzat. Baina UKT ez genuen sortu jasotako hori hobetzeko bakarrik, gure herritarrei ahalik eta komunikazio proiektu onena eskaintzeko sortu genuen. Orduan, aurrera begirako estrategia berri bat ezinbestean behar genuen, eta horixe da Guka. Guka akaso ulertu daiteke marka aldaketa bat bezala, baina ez da hori bakarrik; Guka aurrera begirako estrategia oso bat da guretzat, hiru hanka dauzkana. Horietako bat marka berria da, marka komun bat. Zergatik marka komun bat? Batetik, gure errealitatea aldatu egin delako. Lehen zazpi erakunde ginen, orain bakarra gara; lantalde bakarra, proiektu bakarra, estrategia bakarrarekin. Horrek, bestalde, gizarteari begira ere beste proiekzio bat ematen digu, beste indar bat; nolabait esatearren, orain argiago erakutsi ahal izango dugu guk sortzen eta argitaratzen ditugun hedabide horiek guztiak talde beraren alabak direla. Eta horrez gain, Guka sortu dugu aurrera begirako soluzio bat behar genuelako. Etengabe ari da aldatzen kazetaritza, etengabe ari dira sortzen euskarri berriak eta molde berriak, eta horiei guztiei jartzeko marka bat behar genuen. Adibide bat jartzearren, aplikazio bat sortzen ari gara, eta ez badaukagu marka komun bat, zer izen jarri behar genioke aplikazio horri? Zazpi aplikazio sortu beharko genituzke? Auzi horiei soluzio bat ematen ere lagunduko digu Gukak.

Tokiko hedabideak mantendu egingo al dira?

Ihintza Elustondo: Tokiko hedabideak mantendu egingo dira. 2024an, gure proiektua indartzeko asmoz, marka bateratua kaleratu dugu, Guka izenekoa. Zer izango da Guka? Urolako Komunikazio Taldeko euskarazko hedabide guztiak bateratuko dituen marka izango da. Horrek esan nahi du aurrerantzean gure tokiko hedabideen izenak ere aldatu egingo direla: orain arte Uztarria izan dena, aurrerantzean Azpeitia Guka izango da; Maxixatzen izan dena, Azkoitia Guka; Karkara izan dena, Orio Guka; Baleike izan dena, Zumaia Guka; eta Zarauzko Hitza izan dena, Zarautz Guka. Horrek zer esan nahi du, aldatu egingo direla gure produktuak? Ez, mantendu egingo ditugu tokiko atari digitalak eta baita papereko edizioak ere; aldatuko dena, beraz, izena izango da, baina ez izana.

Eskaintza berria prestatzen aritu zaretela ere aipatu duzue behin baino gehiagotan. Zein da eskaintza hori?

I. E. : Marka aldaketarekin batera, gure eskaintza zabaldu eta indartu egin nahi izan dugu; beraz, aurrerantzean, produktu berri batzuk jarriko ditugu martxan. Zeintzuk izango dira produktu berri horiek? Bada, GUKA egunkaria izango da orain arte Urola Kostako Hitza egunkaria zena; Erlo Telebista zena Guka Telebista bihurtuko da, eta saio berriak-eta sortuko ditugu; bazkidetza formula berritu egingo dugu, eta aurrerantzean gure bazkide guztiak Gukakide izango dira; Zarautzen Gukasteka izeneko astekari digital berria sortuko dugu, han ez daukagulako papereko ediziorik; eta azkenik, Aterpe merkatarien txokoa sortuko dugu, herritarrek gure webguneetan tokiko merkatarien eskaintzak jasotzeko aukera izan dezaten. Horiek gaur-gaurkoz dagoeneko martxan ditugun produktu berriak dira, baina aurrerantzean ere jarraituko dugu fruitu berriak ematen, eta udara bitartean etorriko dira Guka aplikazioa, asteburuetako agendarekin buletina osatzen hasiko gara, eta, horrez gain, Whatsapp kanal bat sortuko dugu herritarrek unean uneko informazioaren berri izan dezaten.

Orduan, digitalizazioan ipini duzue indarra, ezta?

G.Z.: Aurrera begira, batez ere, digitalizazioan jarri dugu indarra. Dagoeneko gure audentziaren parterik handiena digitala da. Gure webguneetan, gutxi gorabehera, urtean bederatzi milioi bisita izaten ditugu, eta hori kopuru oso-oso garrantzitsua da, baina ikusten ari gara webguneekin bakarrik ez dela nahikoa; esango genuke hedabideak dagoeneko hedabide klasiko bihurtzen ari direla. Erabiltzaileen ohiturak aldatzen ari dira, gero eta kanal gehiago eta euskarri gehiago daude, eta guk horri ere erantzuteko gaitasuna eduki behar dugu. Izan aplikazioak, izan sare sozialak... molde berriak arrakasta hartzen ari dira, podcastak esate baterako, eta era guztietako ikus-entzunezkoak oro har. Guk oso garbi daukagu digitalizazioan dagoela etorkizuna, ez bakarrik ekoizpenean, baita ekoitzitakoaren zabalkundean eta gure lana antolatzeko garaian ere, eta hor egin behar dugu indarra.

Bazkidetza formula berria landu duzuela ere aipatu duzue lehen. Nola kudeatuko dituzue bazkidetzak hemendik aurrera? Proiektua babesteko zer aukera izango dituzte herritarrek?

I. E.: Bazkidetza formula berria garatu dugu, Gukakide izenekoa. Aurrerantzean, beraz, bazkide guztiak Gukakideak izango dira. Aldaketa hori egin dugu erronka berriei aurre egin beharra ikusi dugulako, gizartea etengabe aldatzen ari delako, eta orain arte bazkidetzak papereko argitalpenei lotuta egon diren arren, hemendik aurrera, digitalizazioranzko joera horretara egokituz, bazkidetza digitalerako aukera ere eskainiko dugu. Hortaz, herritar bakoitzak egokien datorkion bazkidetza mota aukeratu ahal izango du; izan ere, zuen laguntza eta babesa ezinbestekoak ditugu tokiko kazetaritza, euskaraz eta modu profesionalean egiten jarraitu ahal izateko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide