"Aukera hau eman digute, eta aprobetxatu egin dugu"

Onintza Lete Arrieta 2026ko abuztuaren 7a

Nahia Uranga eta Marina GaztaƱazpi, joan den astean Arraunetxean. (Onintza Lete Arrieta)

Nahia Uranga eta Marina Gaztañazpi Orio Arraunketa Elkarteko bi jubenilak aurten hasi dira aurreneko taldearekin entrenatzen, eta jada izan dute Euskotren ligan lehiatzeko aukera. Pozarren dira, baina batez ere, taldeari laguntzeko gogotsu. 

Elkarrekin hasi ziren arraunean Orio Arraunketa Elkartean Nahia Uranga (Orio, 2008) eta Marina Gaztañazpi (Orio, 2008), eta aurten arraunlari guztien aurreneko ametsa bete dute: lehen taldearekin estropada jokatzea gorengo mailan. Bigarren urteko jubenilak dira, eta aurten hasi dira taldearekin entrenatzen, eta horrek are bereziago egin du bien debuta Euskotren ligan. 

Euskotren ligan estropadak jokatzeko aukera izan duzue. Ez zenuten halakorik espero... Zuk Zierbenan jokatu zenuen aurreneko estropada, Nahia, eta harrezkero beste bitan ere aritu zara. 

NAHIA URANGA: Hala da. Ligako hirugarren jardunaldian egin nuen debuta, Zierbenan. Kalearekin ez genuen zorte handirik eduki, eta azken postuan gelditu ginen. Ez zen esperientzia onena izan, egia esan.

Zuk, Marina, Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatu zenuen aurrena, eta ligan, Galiziako uretan debutatu zenuen, Bueun. 

MARINA GAZTAÑAZPI: Bai, asteburu hartako bigarren jardunaldian atera nintzen, igandekoan, seitik baborretik, Nahia bezala. Aurreko egunean ere zorte txarra izan genuen kalearekin eta sentsazio gazi-gozoarekin geunden. Igandean buelta ematea lortu genuen eta seigarren egin genuen. Borrokatutako estropada izan zen, eta ni behintzat gustura gelditu nintzen egindakoarekin. 

Zer pentsatzen da aurreneko estropada horren atarian?

M.G.: Gauza asko pasatzen dira burutik, dena etortzen zaizu gogora. 

N.U.: Pentsatzen duzu zortzi urte egon zarela momentu horren zain eta ondo egin nahi duzula, aukera bat eman dizutelako. 

Uranga eta Gaztañazpi, irribarretsu, Arraunetxean. (O.L.A.)

Entrenatzaileak estropadaren bezperan esan ohi du nor aterako den traineruan hurrengo egunean. Nola hartu zenuten albistea?

N.U.: Aurten gure aurreneko urtea izanda, ez genuen espero debutatzerik. Betidanik nahi izan dugun zerbait da eta kristoren ilusioa egin zidan, baina era berean, oso urduri jarri nintzen. Estropada tentsio betean egin nuen, ez nuelako hutsik egin nahi; hasiberri batentzat zaila da estropadaz gozatzea. 

M.G.: Ni ere oso urduri jarri nintzen. Hiru egun bageneramatzan Galizian, eta ez nuen espero halakorik, baina taldekide bat gaixo jarri zen, eta bezperan, estropada jokatuko nuela jakin nuenean, urduritasuna eta ilusioa, biak sentitu nituen; urteetako lanaren fruitua dela ere sentitu nuen. 

Taldean arraunlari gazte nahiz berri asko zaudete, baina beterano batzuk ere badituzue. Aholkurik eman zizueten?

N.U.: Estropadaz gozatzen saiatzeko esan ziguten. 

M.G.: Niri segurtasun handia ematen didate taldekide horiek. Alboan horrenbeste urte daramatzan pertsona bat edukitzeak errespetua ematen du, baina baita segurtasuna ere. Orain hasi gara itsasoan ibiltzen, eta teknikoki ere truko asko kontatu dizkigute.

N.U.: Asko laguntzen digute alde horretatik. 

Nola ikusten duzue trainerua?

N.U.: Taldea berria da, iaztik hona asko aldatu da, eta batzuek jarraitzen duten arren, blokea hasieratik egin behar izan dugu. Geure artean ere konfiantza hutsetik sortu behar izan dugu, eta uste dut nahikoa lan ona egiten ari garela. Denboraldi hasieratik hona aldaketa handia egin dugu, eta talde gisa ere ondo gaude. 

M.G.: Uste dut taldea pixkanaka egonkortze bidean ari dela, eta ziklo berri honetan, elkarri oso ondo egokitu garela, eta harrapatu dugula ondokoa nolakoa den eta nola jokatu behar dugun horren aurrean. 

Uranga eta Gaztañazpi, arraun banarekin. (O.L.A.)

Eta beste taldeak?

N.U.: Argi dago Arraun Lagunak beste maila batean dagoela, baita Tolosa ere. Besteok, berriz, nahikoa berdinduta gaudela esango nuke. Horregatik, estropada ondo egitera joan behar duzu, bigarren egitetik zortzigarren egitera pasatu zaitezkeelako. 

M.G.: Aurten lehia asko dago ohorezko txandan sartzeko; liga hasi denetik sailkapenak buelta asko eman ditu, eta uste dut horrek laguntzen digula gure lekua hartzen, baina mentalki oso kontzentratuta egotea eskatzen du, puntu asko gal edo irabaz daitezkeelako. Gorabeherak izan ditugu, baina uste dut neguan egindako lana orain hasiko dela emaitzak ematen. 

N.U.: Bai, oraindik aukerak ditugu ohorezko txandan sartzeko. 

Taldeko gazteenak izanda, Xanti Zabaleta entrenatzaileak gehiago mimatzen zaituzte, ala gogorragoa da zuekin?

N.U.: Berdintsu hartzen gaitu. Oso gustura gaude, arraunlarion eta entrenatzailearen artean konfiantza dago, baita Iñigo [Mujika] prestatzailearekin ere. 

M.G.: Bai, ni ere oso gustura nago. Uste dut Xanti justua dela, eta lana egiten baduzu ematen dizkizula aukerak

Aliron batean ere parte hartu duzue aurten, denboraldi hasieran, Lekeition irabazitako banderagatik. Une berezia izango zen, ezta?

N.U.: Ilusioa egiten du, gainera hor zeuden lagunak eta familiakoak, baina ni oso urduri nengoen, aurreneko aldia baitzen taldearekin udaletxeko balkoira ateratzen nintzena bandera astintzera, eta gainera, behera begiratu eta jende dezente zegoen plazan guri begira. Bandera nola astindu ere ez nekien, urduritasunagatik. 

M.G.: Gustatu zitzaidan ongietorria, polita izan zen, noski, baina nik, behintzat, lotsa pasatu nuen. Beti behetik ikusi izan dugun zerbait da, eta bat-batean goian egoteak, bada, errespetua ematen du. 

Behetik begira egondako une horietatik baduzue bateren bat bereziki gogoan?

M.G.: Iazko Kontxako banderaren ongietorria. Malkoak bakarrik ateratzen ziren. Ikusi, eta pentsatzen duzu: egunen batean hor egotearren...

N.U.: Bai, balkoira atera zirenean, uf. Kristoren ilusioa egin zidan, geu ere egun batean hor egotekoa.

Amets bat bete duzue. Orain, zer? 

M.G.: Neguan egindako lana erakustea nahiko nuke, estropada askotan ez delako hori islatuta gelditu. Hortik aurrera, pertsonalki, beste aukeraren bat ematen badigute, aprobetxatu egin nahi dut. Eta bestela, lanean jarraituko dugu, batez ere gu biontzat ikasketa urtea izan baita hau. Eta horrela hartu dugu. 

N.U.: Ikasketa gisa hartu dugu eta, aldi berean, aukera hau eman digute, eta aprobetxatu egin dugu. Aukera gehiago ematen badizkigute ere, gustura hartuko ditugu. Baina estropada bakarra jokatuta ere, ikaragarri gustura egoteko moduan gaude. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide