Galizian eta Bizkaian lehiatuko dira Orioko traineruak asteburu honetan

Onintza Lete Arrieta 2026ko uztailaren 17a

Orioko gizonezkoak joan den igandean kanpoko barra aurrean, etxeko bandera astintzen. (Arnaitz Rubio Aprea)

KAE 1 ligako traineruek bihar arratsaldean Erandion (Bizkaia) jokatuko dute asteburuko estropada bakarra; Euskotren eta Eusko Label ligakoak, berriz, Galizian lehiatuko dira, bihar Chapelan eta etzi Bueun. 

Bizkaian eta Galizian jokatuko dituzte estropadak asteburu honetan Orio Arraunketa Elkarteko neska-mutilek. Euskotren ligako trainerua izango da aurrena uretaratzen, bihar, larunbata, 17:25ean hasiko baita Bandera Ametsa Obras estropada Chapelan (Galizia). 18:16an, berriz, Eusko Label ligakoen txanda iritsiko da; VI Bandeira Masculina Chapela - Concello De Redondela bandera izango dute jokoan. 

KAE 1 mailan, Orioko ontziak Erandion (Bizkaia) izango du hitzordua bihar arratsaldean, 17:45ean hasita. Erlojupean ariko dira, banaka, lau luzetara. 

Igandean KAE 1 ligako arraunlariek hitzordurik ez dute izango; bai, ordea, lehenengo mailakoek: 11:25ean hasiko dira lehian Euskotrenekoak Bueun (Galizia) II Bandeira Feminina Concello de Bueu bandera lehiatzeko, eta 12:21ean gizonezkoak, V Bandeira Concello de Bueu banderaren bila. 

Sailkapenak

Oriotarrak lan ona egiten ari dira traineru denboraldi hasiera honetan, nahiz eta sailkapenetan gorabeherak dauden traineru batzuen eta besteen artean. 

Eusko Label ligan, esaterako, Orio da nagusi 56 punturekin. Hiru gutxiago ditu Bermeok, eta urrunago da hirugarrea, Zierbena, 45 punturekin. Getariarekin puntuetara berdinduta dago hori, gainera. 

Euskotren ligari dagokionez, Orio sailkapenaren erdialdean dago kokatuta, laugarren postuan, 24 punturekin. Arraun Lagunak da lider  40 punturekin, eta Tolosaldea da bigarren, 29rekin. San Juan du aurretik Oriok, baina puntu bakarreko aldea dago bien artean, 25 baitituzte horiek. 

KAE 1 ligan, berriz, 11. postuan, azkenaurreko postuan, da une honetan Orio, 11 punturekin, Arkoteren aurretik. 10 puntu ditu horrek. Oriok gaur-gaurkoz urrun du 10. postua, Lapurdik 26 puntu baititu. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide