Albistegia

Festa kutsuko danborrada prest sanpedroetarako

Onintza Lete Arrieta, Aiora Arriola eta Urtzi Oteiza 2026ko ekainaren 23a

Gazte talde batek sanpedroetako danborrada "berreskuratu" du, eta herriko kaleak hartuko dituzte ostiral honetan, Orioko txarangarekin batera. Entseatzen igaro dute azken hilabetea, eta dagoeneko dena prest dute gau handirako. 40 bat pertsonek eman dute izena hitzorduan, eta oraindik danborradan ateratzeko gogoa dutenek, horretarako aukera izango dute ostiral iluntzean.

Orioko San Pedro jaiek hasiera berezia izango dute aurtengoan, gazte talde batek "berreskuratu" egin baitu garai batean festa horietan egiten zen danborrada. Hain zuzen ere, ekainaren 26eko gauean aterako dira kalera, Orioko Txarangak lagunduta, eta herritarrak animatu dituzte danborradan nahiz kalejiran parte hartzera. 

Maddi Andres eta Malen Etxeberria dira ideiaren atzetik dauden gazteetako bi. Hain justu, danborrada egiteko proposamena festa batzorde batean atera zela azaldu dute, "guraso talde batek lehen sanpedroetan danborrada egiten zela" kontatu ostean. "Hala, gazte talde bat elkartu ginen eta aurrera atera genuen ideia". Hitzorduaren helburu nagusia "jendea alaitzea eta lehengoko ohiturak berreskuratzea" dela esan du bikoteak. Gainera, danborrada mozorro egunean ospatuko denez, herritarrak mozorrotuta etortzea gonbidatu dituzte, "giro politagoa sortzeko". Hitzorduan, "betiko kantuak" joko dituztela aurreratu dute, eta nola ez, txarangaren laguntza izango dute. "Mozorrotuta etorri ala ez, danborradan parte hartu ala kanpoan geratu, denak izango dira ongietorriak", gaineratu du bikoteak.

Entseguei ekainaren 5ean ekin zioten, Ikastolako plazoletan, eta azkena ostegun honetan egingo dute, danborradaren bezperan. Bikoteak aitortu duenez, "herritar gehiagoren parte hartzea" espero zuten hasieran, baina aldi berean nabarmendu dute aurtengoa "froga bat bakarrik" izan dela. Dena den, 40 bat pertsonek eman dute izena ekintzan, eta oraindik danborradan ateratzeko gogoa dutenek, horretarako aukera izango dute ostiral gaueko hitzorduan. Festaren ondoren, parte hartzaileek elkarrekin afalduko dute plazan. Horretarako, antolatzaileek ogitartekoak prestatuko dituzte, eta izena emateko galdetegi honetan aukeratutako ogitartekoa zehaztu beharko da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide