Danborradarekin hasiko dituzte aurtengo sanpedroak

Julene Sorarrain 2026ko ekainaren 11

San Pedro jaietako txupinazoa lehertu berri. (Guka)

Ekainaren 26tik 30era bitartean, festa giroan murgilduta izango dira oriotarrak. Izan ere, herriko jai kutunak ospatuko dituzte hilaren amaieran, eta horretarako, egitarau biribila osatu du udalak, herriko eragileekin batera: sardin jana, herri bazkaria, kontzertuak eta erromeriak, kirol jarduerak eta saregileei eta arrantzaleei zuzendutako omenaldia egingo dituzte. Aurtengo festetan, gainera, aspaldiko partez danborradak hartuko ditu herriko kaleak.

Festa giroan murgilduta izango dira oriotarrak ekaina amaieran, izan ere, hilaren 26an txupina lehertu eta hasiera emango diete aurtengo sanpedroei. Bost egunez, askotariko ospakizunak izango dira herriko hainbat puntutan: sardin jana, herri bazkaria, kontzertuak eta erromeriak, kirol jarduerak eta saregileei eta arrantzaleei zuzendutako omenaldia.

Aurten, herritar talde baten ekimenez, San Pedro festetako danborrada egingo da aspaldiko partez. Gainera, danborrada mozorro egunean izango denez, parte hartzaileei mozorrotuta joateko deia egin zaie. Aurtengo gaia Euskal Telebista izango da, hain justu. Danborradaren ondoren, parte hartzaileek aukera izango dute plazan elkarrekin afaltzeko. Horretarako, antolatzaileek ogitartekoak prestatuko dituzte.

Kirol hitzordurik ere ez da faltako aurtengo festetan. Hain justu, I. Goiko Karrera antolatu dute ekainaren 28rako. Lasterketa herrikoia izango da, erreleboka, launaka egitekoa, bakoitzak 1,2 kilometro, eta helburua da herrian festa giroa sortzea eta adin desberdinetako jendea elkartzea. Talde mistoak izango dira, eta adin tarte zabalekoak. Izen ematea doakoa da, eta zabalik dago. Bestalde, aurten ere kronoigoera egingo dute. Aldapa zikloturista elkarteak antolatu du saioa, eta izena emateko epea bihar zabalduko dute.  

Iaz bezala aurten ere, Harrotasunaren Eguna ospatuko dute hilaren 28an. Goizean zehar, haur eta gaztetxoentzako hainbat jarduera izango dira, eta arratsaldean, bertso saio elektronikoak, kalejirak eta hainbat kontzertuk girotuko dute herria. 

Aurreko urteetan bezala, Puntu Morea izango da festetan zehar. Izan ere, udalak argi utzi du ez duela inolako eraso sexista, homofobo, transfobo eta arrazistarik onartuko. Hortaz, ekainaren 26tik 28ra, Puntu Morea jarriko dute Turismo Bulego parean, 20:00etatik 00:00etara, herritarrei informazioa emateko. Bestalde, alkoholaren kontsumoaren prebentziorako zerbitzua ere eskainiko dute ekainaren 28an, igandearekin, 23:00etatik 02:00etara, plazan. Zerbitzuaren helburua da alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoari buruzko informazio eta prebentzio aholkuak ematea, baita kontsumoari lotutako arriskuak murriztea ere.

Egitaraua

Ekainak 26, ostirala

  • 10:30. Jubilatuen hamaiketakoa, Zaharren Babeslekuan.
  • 14:30. 3x3 futbol txapelketa, Mendibeltzen.
  • 20:00. Txosnen irekiera, Pakak kolektiboaren eskutik, Herriko Plazan.
  • 22:30. Sanpedroetako danborrada, Herriko Plazan.

Ekainak 27, larunbata: Arrantzale Eguna

  • 11:00. Dantzari, kantari, musikari eta erraldoien kalejira, kalez kale.
  • 12:00. Sardina jana, Herriko Plazan, Oteizaren Pietate azpian eta Endaia plazan.
  • 13:30. Ikuskizuna eta omenaldia saregileei eta arrantzaleei, Herriko Plazan.
  • 14:30. Arrantzale Eguneko bazkaria, Herriko Plazan.
  • 17:00. Erromeria, Bide Batez taldearen eskutik, Herriko Plazan.
  • 19:00. Burrunba elektrotxaranga, Hendaia plazan.
  • 20:00. Txupinazoa, udaletxeko balkoitik.
  • 20:20. Erromeria, Bide Batez taldearen eskutik, Hendaia plazan.
  • 23:00-04:00. Gaueko emanaldiak: Silitia, DJ Aitana Grandes eta DJ Irune Muguruza, Herriko Plazan.

Ekainak 28, igandea: Harrotasunaren Eguna

  • 10:00. Haurrentzako jolasak, Bizijolasen eskutik, Muntoko berdegunean.
  • 11:00. Bizikleta igoera. Haurrak Herriko Plazatik Pilikura igoko dira; helduak, Herriko Plazatik San Martin ermitara.
  • 12:30. Kantu salda poteo musikatua, kalez kale.
  • 17:00. Haur eta gazteen pilota partidak, Zaragueta Herri Eskolan.
  • 18:00. Bertso saio elektronikoa, Herriko Plazan.
  • 18:30. Erraldoi eta buruhandien kalejira herriko txarangarekin, kalez kale. Ibilbidea: Kultur Etxea, Eusko Gudari, Arrantzale, Baxoalde, Palota, Balea, Arrantzale, Abeslari, Eusko Gudari eta Herriko Plaza.
  • 20:00. I. Goiko Karrera.
  • 23:00-05:00. Gaueko emanaldiak: Malko, Tatta, DJ Fifi eta Fefa, eta La Fulana, Herriko Plazan.

Ekainak 29, astelehena: San Pedro Eguna

  • 06:00. Gaupaseroen argazkia, Oa kaleko eskaileretan.
  • 11:00. Pintxo lehiaketa, Herriko Plazan.
  • 12:30. Meza nagusia Salatxo abesbatzak kantatuta, elizan.
  • 18:00. Erraldoi eta buruhandien kalejira, Danbolin musika eta dantza eskolako trikitilariekin, kalez kale. Ibilbidea: Eusko Gudari, Herriko Plaza, Ibai Ondo, Aita Lertxundi, Aritzaga eta Herriko Plaza.
  • 19:00. Soka dantza eta jarraian, Danbolin musika eta dantza eskolako bandaren emanaldia, Herriko Plazan.
  • 23:00-02:00. Gaueko emanaldiak: Muzak eta DJ Siwanaba, Herriko Plazan.

Ekainak 30, asteartea: San Pedro bigarrena

  • Goizean, II. San Pedro Erronka: talde jolasak eta bazkaria, 10 eta 14 urte arteko gaztetxoentzat, herrian barrena.
  • 14:00. 70 urtetik gorako oriotarren bazkaria, Villa Antilla hotelean.
  • 18:00. Herri Kirolak, Joseba Ostolaza Harri Eskolaren eskutik, Herriko Plazan.
  • 18:00. Erraldoi eta buruhandien kalejira, herriko txarangarekin, kalez kale. Ibilbidea: Kultur Etxea, Eusko Gudari, Pelotari, Iturbide, Kale Nagusia eta Herriko Plaza.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide