I. Goiko Karrera antolatu du herritar talde batek aurtengo sanpedroetarako. Lasterketa ekainaren 28an izango da, igandearekin, iluntzean, 20:00etan. Herrikoia izango da, 1,2 kilometroko ibilbidea edukiko baitu. Helburu argiarekin antolatu dute, izan ere: herriko festetan herritarren parte hartzea sustatzea. "Helburu horretatik abiatuta, herrian festa giroa sortzea zein adin ezberdinetako jendea elkartzea ere nahi da", azaldu dute.
Herritik barrena egingo den lasterketa da, eta izena derrigorrez launaka eman beharko da, erreleboka egingo baita lasterketa. Ibilbidea, beraz, lau aldiz osatu beharko du talde horrek. Taldekide bat hasiko da, ibilbide osoa egin eta plazara iristean, lekukoa hurrengoari emango dio, eta horrek jarraituko du.
Parte hartzeko baldintza batzuk ere jarri dituzte, zehazki, adin tarteak nahastea eta taldeak mistoak izatea. Hala, lau taldekide horien artean batek 15-24 urte artean eduki beharko ditu, beste batek 25-39 artean, beste batek 40-49 artean, eta azkenik, taldekide batek 50 urte baino gehiago izan beharko ditu. Gainera, taldea bi gizonezkok eta bi emakumezkok osatu behar dute.
Izen ematea
Izen ematea doakoa da, eta parte hartzaileen artean herriko saltokiek emandako sariak zozkatuko dituzte.
Izena esteka honetan eman daiteke, eta zalantzarik edukiz gero, zenbaki hautetara deitu daiteke: 615 736 911 (Eneko Dorronsoro) edo 665 756 811 (Aitor Rubio).
Ibilbidea, prest
Ibilbidea ere jakinarazi dute: Herriko Plazan hasi eta Oako eskaileretatik Goiko Kaleko parkeraino igo beharko da. Handik aldapa behera jaisten hasi, eta Danbolin musika eskolako horretan biratu beharko da frontoiko aldapa jaisteko. Bikamiotako biribilgunera iristean, biratu, eta Arrantzale kaletik barrena, Arkaitz tabernako horretan ezkerretarako bidea hartuko da. Antilla taberna parean eskuinera hartu, eta aurkako noranzko errepidetik, Herriko Plazara iritsi.