Jon Lasa: "Eraginkortasuna bilatzen duena da niretzako traineru perfektua"

Kris Fernandez eta Ihintza Elustondo 2026ko ekainaren 22a

Urte askoan arraunean aritua da Jon Lasa (Orio, 1984), eta Itsas Ingeniaritza ikasi zuen gero. Lotura estua izan du betidanik itsasoarekin, eta gaur egun, itsasontziak diseinatzea da haren ogibidea, besteak beste. 2015ean sortu zuen jardunbide horretan diharduen Branka enpresa.

Oriotarra eta arraunlari ohia zara. Beste lanik ezin zenuen izan...

Aspaldi ibili nintzen arraunean, 14 urtetik 18 urtera. Gero, kanpora joan nintzen ikastera, eta arrauna utzi nuen. Dena den, Ingalaterrara joan nintzenean, aulki mugikorra praktikatu nuen. Betidanik oso lotura estua izan dut itsasoarekin; pasioa da niretzat itsasoa. Orion, arrauna erabat bizi dugu, eta, gainera, Itsas Ingeniaritza ikasitakoa naiz. Beraz, pasioa eta ogibidea uztartu ditut; gustatzen zaidan arlo batean trebatu naiz akademikoki ere. Sekulakoa da niretzako hori; asko gustatzen zait nire lana. Azken bi urte hauetan Orio irabazi eta irabazi ari da.

Orio animatzera joandakoan, Jon enpresaria ala Jon arraunlaria zara gehiago?

Negozioari dagokionez, arraunaren jardueran ez gara aritzen, ez delako errentagarria. Baina estropadak ikustera joandakoan, arreta jartzen dut traineruetan, badaukat horietan hobekuntza eta optimizazioa bilatzeko kuriositatea, eta burua beti izaten dut martxan arlo horri dagokionez. Baina ez negozioa egiteko balio didalako, kuriositateagatik baizik. Estropadak ikustera joandakoan, uste dut arraunarekiko pasioa dela benetan gailentzen zaidana.

Sekula diseinatu al duzu traineru bat?

Bai, hiru desberdin, eta guztira, hiru saldu ditugu.

Arraunlari ohia izateak laguntzen al du traineru bat diseinatzerakoan?

Bai, asko laguntzen du. Izan ere, ulertu beharra dago nola funtzionatzen duen traineru batek edo beste edozein ontzik, hura diseinatzerako: atal bakoitzak nola eragiten duen; zer den garrantzitsua arraunlariarentzako, ez bakarrik abiadurari lotuta, baizik eta erosotasunerako, praktikotasunerako; materialak nola eragiten duen... Gauza asko izan behar dira kontuan funtzionamendu orokorra ulertzeko.

Esan duzu gaur egun ez zaretela bereziki traineruen eraikuntzan aritzen. Zer motatako itsasontziak egiten dituzue?

Bi negozio ildo ditugu Brankan. Bat, ingeniaritzari eta fabrikazioari dagokiona da; konposite teknologiarekin egiten dugu hori, hau da, itsasontziak egiteko erabiltzen den karbono zuntzarekin. Beste negozio ildoa, berriz, tripulaziorik gabeko ontzien diseinuari, eraikuntzari eta operazioari dagokiona da. Ontzi horiek urrunetik kontrolatzen dira, eta kontrolerako sistema guk sortzen diegu. Halako ontziek balio dute, besteak beste, Azti bezalako ikerketa zentroentzako, itsasoan azterketak egiteko. Robotak edo droneak bezalakoak dira, ez da inor joaten ontzi barruan. Baina itsasontziak egitea gure negozioaren zati txiki bat da. Gauza asko egiten ditugu, baina Branka ez da ontziola bat.

Traineru batzuk diseinatutakoa zarela esan duzu. Lan hori egiterakoan, zer da garrantzitsuagoa, jakintza ala intuizioa?

Inportanteena da jakitea traineru batek nola funtzionatzen duen. Gero, noski, zientzia sartzen da tartean: hidrodinamika, erresistentzia, urak nola eragiten duen, itsasontziak nola azeleratzen duen... Dena den, intuizioa ere oso garrantzitsua da. Zientziak gauza batzuei buruzko erantzunak ematen ditu; fisikoki eta enpirikoki frogatu behar dira zenbait gauza. Baina zientziak ez ditu galdera guztiak erantzuten. Adibidez, 1 Formularen kasuan, partaide denek sekulako diru pila dute, denek dakite zeintzuk diren autoaren ezaugarri onenak, baina aurreneko sailkatutik azkenekora sekulako diferentzia egoten da denboran. Zergatik ez dute denek auto bera diseinatzen? Probak egiten dituzte, baina azken erabakiak gizakiek hartzen dituzte, eta hori oinarrizkoa da. Erremintak berdinak dira, baina intuizioa ez.

Eta abiaduran zerk eragiten du gehiago, diseinuak ala tripulazioak?

Denak. Itsasontzi bat diseina daiteke errioan edo itsasoan ibiltzeko, itsaso txarra dagoenerako... Teknika ezberdinak aplika daitezke baldintza bakoitzerako, ahalik eta optimizaziorik handiena lortzeko. Dena den, itsasontzia egokia izanagatik, arraunean gaizki eginez gero, alferrik izango da. Gauza asko daude kontuan hartu beharrekoak, eta denak izan behar dira kontuan trainerua ondo ibiltzeko.

Zertan hobetu dira traineruak azken urteetan?

Duela 30 bat urtetik, karbono zuntzarekin egiten dira traineruak. Horri lotuta, jauzi handia eman zen 1990eko hamarkadan; izan ere, ordura arte egurrezkoak ziren traineruak. Materiala aldatzeak ahalbidetu zuen itsasontziak eraikitzeko modua ere aldatzea. Lehen, traineruak egurrezkoak zirenean, barrutik kanpora eraikitzen ziren, artisau lanak ziren. Orduan, traineru bakoitza ezberdin egiteko aukera zegoen: egurra zabalago edo estuago moztu... Eraikitzaile bakoitzak zeukan traineruak egiteko bere era, bakoitzak bere sekretuak zeuzkan. Garai hark inbidia pixka bat ematen dit, sormena lantzeko sekulako aukera zutelako. Gero, konpositeekin lanean hasi zirenean, lortu zen material aldetik-eta traineru hobeak egitea, egurrezkoak gehiago hondatzen direlako. Baina, zer gertatzen da? Gaur egun moldeekin lan egiten dela, eta behin molde baten aldeko inbertsioa egiten denean, inbertsioak handiak izaten direnez, ezin direla ereduak egun batetik bestera aldatu. Lehen, urtero traineru ezberdin bat egin zitekeen, eta orain, hamar-hamabost urte egon beharra dago, molde bat errentagarria izan arte. Ezingo litzateke beti molde berrietan inbertitu, jakin gabe emaitza zein izango den. Beraz, zertan eboluzionatu dugu? Materialak askoz ere hobeak dira gaur egun, baina traineruak ez du lehengo forma bizia.

"Gauza asko daude kontuan hartu beharrekoak, eta denak izan behar dira kontuan trainerua ondo ibiltzeko"

Berrikuntzarako aukera gutxiago dagoela diozu. Hobetzeko ezer ba al dago?

Bai, beti dago zer hobetu. Gertatzen dena da arraunean ez dagoela beste kirol batzuetan izaten den aurrekonturik. Klub bati esan diezaiokezu tripulazio arinarentzako ontzi bat dela egokiena, erriorako beste modelo bat hobea dela, itsaso zakarrarentzako beste bat... Baina ez daukate egoera bakoitzerako traineru bat egiteko aurrekonturik. Kluben artean ere bat egiten dute, bide hori inork har ez dezan. Izan ere, klub batek diru asko daukalako egoera bakoitzerako ontzi bat diseinatzen hasiko balitz, beste denak lotuta geldituko lirateke. Horregatik, klub bakoitzak traineru bat du, eta kito. Gainera, arraunlariek ere nahiago izaten dute beti ontzi berarekin ibili, eta ez dakit berrikuntza horiek zer harrera izango luketen. Karbono zuntzezko traineruak sortu zirenean ere, inork ez zituen nahi. Denek egurrezkoa nahi zuten; egurrezkoa bezalakorik ez zegoela esaten zuten. Baina, batek asmatu zuen material horrekin, eta gero denak atzetik etorri ziren. Aldaketarako beldurra egon izan da arraunean.

Indartsu datoz teknologia berriak eta adimen artifiziala. Uste duzu horrek eragina izan dezakeela arraunaren munduan?

Adimen artifizialarengan espektatiba handia dago jarrita, eta aldaketa handia etorriko da. Dena den, daturik ez badu oinarrian, adimen artifizialak ez du askorako balio; eta arraunaren kasuan, datuak falta dira. Hau litzateke arrauneko datu baten adibidea: era bateko itsasoarekin, hobe da hau ez egitea; izan ere, lau aldiz egin duzu gauza hori, eta gaizki atera zaizu. Adimen artifizialak potentziala izan dezan, horrelako datuak behar ditu oinarrian, eta uste dut arraunaren arloan kostatuko dela aukera hori aprobetxatzea. Izan ere, arrauna oso kirol itxia da, eta barrutik ezagutuz gero, sekretu asko dago. Arraun olinpikoan, adibidez, mundu osora zabaltzen dituzte tripulazio baten neurriak, arauak... Hemen ez da horrelakorik egiten. Datu horiek inorekin partekatzen ez badira, zer egin behar du adimen artifizialak? Uste dut gauza askotan laguntzeko aukera ematen duela adimen artifizialak, baina arraunaren kasuan, zaila dauka.

Aipatu duzunez, arraunak asko dauka tradiziotik. Hori mantendu behar luke ala gehiago behar du berrikuntzatik?

Tradizioz, arraunak indarra eta sentimendua transmititzen ditu, eta uste dut arrauna bizirik horregatik mantendu dela hainbeste urtean. Hori galtzen baldin bada, arrauna pikutara joango da. Berrikuntza batzuk aplika daitezke, baina gauza bera transmitituko aldu horrek gero? Gauza asko egin daitezke, baina heldu behar zaio tradizio horri ere.

Nolakoa izango litzateke, zuretzako, traineru perfektua?

Traineru bat irudikatzen dudanean, beti baldintza jakin batzuetarako izango dela irudikatzen dut. Kuriositate bat daukat: estropada batek izango dituen baldintzetarako propio diseinatuz gero trainerua, zer gertatuko litzateke? Badakit gaur egun ez dela hori praktikoena, baina errioan eta itsasoan traineru bera erabiltzeak sortzen dit halako zera bat barruan. Paris-Dakarrera 1 Formulako auto batekin joatea bezalakoa da hori niretzat. Eraginkortasuna bilatzen duena da niretzako traineru perfektua.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide