Bost urtean behin ospatzen den festa da Balearen Eguna, eta aurtengoa urtemuga berezia izanik, gogoz hartu dute festa Orion. Alde zaharra XX. mende hasierako eszenatoki bilakatu dute, garaiko jantziak soinean, itsasoari eta arrantzari begira bizi zen herria irudikatuta. Plazan jarri dira, esaterako, saregileak eta eskabetxeriko emakumeak...
Piliku plazan, Kale Nagusian eta Zimitorioan, antzerki txikiak eskaini dituzte Xanti Agirrezabak eta garai hartako lanbideak irudikatuz, besteak beste, goi mailako joskintza tailerra, erizaindegia zein koltxoi egile eta konpontzaileak. 12:30ean, kanpai hotsekin batera, erriora begira jarri da herria, eta han irudikatu dute balearen arrantza. Jendez bete dira errioko bazter guztiak. Jan-edana, musika, dantza, antzerkiak eta historiak bat egin dute beste behin Balearen Egunean, eta herritarrek gogotik gozatu dute festa.