Aterkipean eta kresal usaina euriarekin nahastuta, 125 urte atzera itzuli da Orio. Balearen Eguna ospatzen ari dira gaur, 1901eko maiatzaren 14ko egun historiko hura gogora ekarriz. Egun hartan, arrantzale oriotarrek Kantauri itsasoko azken balea ehizatu zuten, eta herriaren oroimen kolektiboan betirako grabatuta geratu da data hura.
Goizean goizetik, alde zaharra XX. mende hasierako eszenatoki bilakatu da. Herritarrek, garaiko jantziak soinean, plazak eta kaleak hartu dituzte, itsasoari eta arrantzari begira bizi zen herri hari bizia itzuliz. Saregileak alde batetik, eskabetxeriko emakumeak bestetik, duela 125 urteko giroa berregiten buru-belarri murgildu da Orio.
Piliku plazan, Kale Nagusian edota Zimitorioan, antzerki txikiak eskaini dituzte garai hartako lanbideak irudikatuz, besteak beste, goi mailako joskintza tailerra, erizaindegia zein koltxoi egile eta konpontzaileak.
Gainera, eguraldia lagun ez izan arren, ehunka lagun bertaratu dira historia eta tradizioa uztartu dituen egunaz gozatzera. Eta zer erremedio hoberik eguraldi txarrari aurre egiteko, sardina batzuk parrillan eta sagardo baso bat baino. Hala, edaria eta pintxoa eskuan, motorrak berotzen joan dira eguneko momenturik garrantzitsuenera arte.
Eguerdia pasata, kanpai hotsak entzun bezain laster, jendetza ibairaino jaitsi da balearen ehizaren birsorkuntza ikustera. Han, errioaren alboan, Oriok Kantauri itsasoari begiratu dio berriro, Olaizola, Loidi, Atxega, Uranga eta Manterolak 1901ean egin zuten bezala. Ikuskizunaren ostean, festa Herriko Plazara lekualdatu da, eta bertan, musika eta dantza emanaldiaz gozatu dute.
Balearen Eguneko ospakizunekin jarraituko dute arratsaldean. Hain zuzen ere, Ttipika dantza gidatuak izango dira plazan, eta ondoren, Itzal taldearen emanaldiaz gozatu ahalko dute erromeria zaleek. Iluntzean, DJ Ostok izango du gaua girotzeko ardura. Eta egitaraua biribiltzeko, Benito Lertxundiren omenezko kontzertua eskainiko du Et Incarnatus orkestra sinfonikoak haur abesbatzarekin bihar, 20:00etan, Karela kiroldegian.