Ohiturari jarraituz, bedeinkapena jaso dute Orio Arraunketa Elkartearen azken 70 banderek

Onintza Lete Arrieta eta Gorka Eizagirre 2025eko abenduaren 8a

Gurutze Roteta izendatu du arraun klubak gaurko ekitaldiko amandre, Ibon Arruti Aldape arraunlariaren ama, eta kalejiraren buru bera joan da Gorka Aranberri gizonezkoen lehen traineruko patroiarekin eta Anjel Larrañaga Orio B taldeko entrenatzailearekin batera. Jendetzak txalotu ditu arraunlariak parrokiatik Herriko Plazara jaitsi direnean.

Azken hiru urteetan 70 bandera irabazi dituzte Orio Arraunketa Elkarteko neska-mutilek, eta aurten, baita Kontxako Bandera ere. Ohiturari jarraiki, azken Kontxatik hona irabazitako bandera horiek guztiak, alegia, azken hiru urteetako 70 horiek, atera dituzte Arraunetxetik, eta kalejiran, Bariko San Nikolas parrokiara eraman dituzte. Musikarik gabe, prozesio isilean egin dute bidea, zale batzuen harridurarako, baina ez da falta izan herritarren txalo hotsik, ezta aupa Orio oihurik ere.

Kalejiraren buru hiru lagun ibili dira: Gurutze Roteta, Ibon Arruti Aldape arraunlariaren ama –arraun klubak gaurko ekitaldiko amandre izendatua–; Gorka Aranberri gizonezkoen lehen traineruko patroia; eta Anjel Larrañaga Orio B taldeko entrenatzailea. Haien atzetik adin guztietako arraunlariak eta zuzendaritzako nahiz klubeko kideak, tartean baita denboraldi berrian klubean jarraituko ez duten entrenatzaile eta arraunlari batzuk ere.

Rotetak "pozarren" jaso du ekitaldiko amandre izateko ohorea, eta semeak jakinarazi du aurten ez dela traineruan ibiliko. "Baina gertutik jarraituko dut taldea", gaineratu du, irribarretsu. "Guk beti segiko dugu denboraldia hasten denean bandera horia jartzen etxeko teilatuan", gaineratu du amak".

Juan Pablo Arostegi apaizak bedeinkatu ditu banderak, eta Mirotzak abestiaren doinuarekin eta bertan ziren sinisdunen txalo artean atera dira denak elizatik, talde argazkia egiteko, aurrenekoa elizako aldapan, eta bigarrena, Herriko Plazan. Han jendetza zuten zain, eta txalo zaparrada eta oihu artean hartu dituzte arraunlariak. Karela kiroldegian bazkaria eginez borobildu dute eguna.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide