Nola erosi arrandegian? Galdera horri erantzuten aritu zen ostegunean Carmen arrandegiko Olga Mujika Salatxo aretoan emandako hitzaldian. Izan ere, arrain freskoa eta kalitatezkoa iristen da gure arrandegietara, baina herritarrek gutxieneko ezagutzarik ez badute, beharbada ez dute asmatuko zuku guztia ateratzen kalitate horri.
Ostegunean hitzaldian azaldutakoak eta beste hainbat xehetasun kontatu dizkio Mujikak Guka Telebistari arrandegitik bertatik: zer arrain diren plantxan egitekoak eta zer frijitzekoak; nola kontserbatu behar den arraina hozkailuan; zeri erreparatu behar zaion arrainaren freskotasuna ziurtatzeko eta beste hainbat zehaztapen eman dizkio.
Parrilla Festaren atarikoak, azken txanpan
Mujikak emandako hitzaldia Parrilla Festaren egitarauaren barruko saioa izan zen, eta ostegun honetan jarraituko du egitarauak, Arraina prestatzeko teknika berritzaileak ikastaroarekin. Ekaitz Apraiz Itsas-Etxeako kudeatzaileak eskainiko du hori, Aldapa elkartean, eta parte hartzeko izena eman beharko da aurrez, Turismo Bulegoan.
Parrilla Festaren atariko ekintzak dira horiek, hurrengo astean ospatuko baita Bisigu Festaren ordez udalak eta eragileek sortu duten Parrilla Festa. Ostiraletik igandera, parrillarekin lotutako askotariko ekintzez gozatzeko aukera izango dute herritarrek Herriko Plazan.
Honakoa da egitaraua:
Urriak 3, ostirala
- 17:00. Izan arrantzale haurrentzako ikastaroa, moilan. Izen-ematea, Turismo Bulegoan.
- 18:00. Parrillak piztu eta irekiera ekitaldia.
- 20:00. Sasoiko arrainen pintxo potea.
Urriak 4, larunbata
- 11:00. Mutiozabal ontziola: ate irekiak eta tailerrak gaztetxoentzat.
- 13:30. Arraina Orioko modura erreta eskainiko dute plazan, herriko parrilleroen laguntzarekin.
- Arratsaldean, Imanol eta Iratz Urkizu aita-alaben musika emanaldia.
Urriak 5, igandea
- 12:00. Hegaluzea poteratzeko erakustaldia.
- 14:00. Aldapa elkartearen marmitakoa eta herriko tabernen errazioak.