Dagoeneko hilabete batzuk igaro dira Orioko Udalak aurtengo Bisigu Eguna bertan behera geratu zela jakinarazi zuenetik. Gogoeta sakon baten ostean, udaleko ordezkariek, parrilleroek eta arrandegietako langileek "gero eta zailtasun gehiago" zituztela adierazi zuten urteroko festa antolatzerako garaian. Zehazki, hiru arazo nagusi jarri zituzten mahai gainean: batetik, parrilleroek beren jatetxeko lana eta Bisigu Festa sustatzeko duten zailtasuna; bestetik, festarako behar bezainbeste genero ezin bermatu izana; eta, azkenik, catering enpresa egoki bat lortzeko oztopoak.
Hiru erronka horien aurrean, irtenbidea tiketen prezioa garestitzea zela ondorioztatu zuten, baina udalak ez du bide horretatik jo izan nahi. Ondorioz, festa bertan behera uztea erabaki zuten aho batez. Aldi berean, mahai hura osatu zuten kideek argi zuten “gure ondarearen transmisioa” lehentasunezko kontu bat dela, eta horregatik, hainbat bileren ostean, proposamen berri batekin datoz aurtengoan: Parrilla Fest.
"Gaur egun gure parrilletan arraina egoteko, herri oso baten lana behar izan da: arrantzaleak arrantzara irten ahal izateko, jakiak eta edariak prestatzen zituztenak –tartean baserritarrak–, saregileak, arraina saltzen ibiltzen direnak, prestatzen dutenak… Eta gaur egun ere horrelaxe jarraitzen du. Guk parrilletan arraina dastatzen dugu, baina hori guzti hori posible izateko herri oso baten lana dago atzean”, esan du Anuska Esnal alkateak, herriko eragileen lanaren garrantzia azpimarratuz.
Aurten Bisigu Eguna ospatzeko baldintza egokirik egon ez arren, hiru erronka nagusi horiei buelta emango dien proposamen berri bat prestatu dute, eta Parrilla Fest "jasangarria, parte hartzailea, ondarearen transmisioa ardatz duena, eskuragarria eta fina" bezala definitu dute, hau da, "oriotar guztientzat neurrira egina".
Transmisioa ez galtzeko ekintzak
Alkatearen ostean, Adrian Garcia Turismo eta Merkataritza teknikariak hartu du hitza, ekitaldi berriaren inguruko xehetasunak emateko. Garciaren hitzetan, Parrilla Festen helburuetako bat "kultur eta ondare transmisioan eragitea" da, eta festaren bizkarrezurra urriaren 3tik 5era ospatuko dela argitu du.
Hiru egun horien aurretik, ordea, beste hainbat jarduera antolatu dituzte, transmisio horretan eragiteko helburuarekin. Datorren astean bertan, Itsas Etxea eta Orioko San Nikolas kofradiekin elkarlanean antolatutako hitzaldi-ikastaro ziklo bat jarriko dute martxan, Arrantza eta gastronomia izenburupean. Guztira hiru hitzaldi izango dira, eta hilaren 11n, 18an eta 25ean eskainiko dituzte, ostegunetan.
Lehengo hitzaldian euskal arrantzaleen jardunaren nondik norakoak azalduko dituzte, besteak beste non, noiz, eta nola arrantzatzen duten, eta beraien bizimodua nolakoa den. Jon Mujika San Nikolas Kofradiako lehendakariak eta herriko arrantzaleek gidatuko dute saioa, 18:00etan hasita, Salatxo aretoan. Bigarren hitzaldia Carmen arrandegiko Olga Idiakezek eskainiko du, eta helburua gazteek arrandegira joateko duten “beldurra” kentzea izango da. Idiakezek arraina garbitzeko aholkuak eskainiko ditu, baita denboraldi bakoitzean erosteko arrain egokiak zein diren azaldu ere. Hitzaldi hau ere ordu eta leku berean izango da.
Itsasotik hasi eta arrandegitik igaro ostean, sukaldean amaituko dute hitzaldien zikloa, arraina nola sukaldatzen den ikasiz. Ekaitz Apraiz Itsas Etxea Kofradiako kudeatzaileak eskainiko du, teknika berritzaileez baliatuz. Aldapa elkartean izango da sukaldaritza saioa, eta azken jarduera horretan parte hartzeko, aurretik izena eman beharko da Turismo Bulegoan.
Herriko gaztetxoak ere "giltzarri" dira transmisioan, eta hortaz, haiei zuzendutako pare bat saio antolatu dituzte. Lehenak Izan arrantzale izena du, eta arrantzatzen ikasteko aukera eskainiko die familiako txikienei. Kofradiak antolatua da, eta materiala beraiek emango dute. Hurrengo egunean, larunbatarekin, ate irekiak eskainiko dituzte Mutiozabalen, ontziolaren inguruko xehetasunak ikasteko.
Ikasitakoa erakusteko unea
Beroketa lanen ostean, urriaren 3an piztuko dute parrillen sua. Ostiral arratsaldean, sasoiko arrainen pintxo potea egiteko aukera izango dute herritarrek. “Esperientzia gastronomikoa izango da, eta bertan izango dira herriko parrilleroak, herritarrei arraina nola erretzen den erakusteko”, zehaztu du Garciak. Egunean bertan lonjatik ekarritako arraina sukaldatuko dute, eta pintxo potean parrilleroen ikuskizuna ikusten duenak, bi arrain erre pintxo eta bertako txakolina dastatzeko aukera izango dute. Tiketak Turismo Bulegoan izango dira salgai, 10 euroan.
Urriaren 4an, larunbatarekin, Herriko Plaza "elkarte gastronomiko erraldoia" bilakatuko da. Hain zuzen ere, 200 bat pertsonentzako otordua eskainiko da, eta menua herriko tabernek prestatutako platerek, Sayalero okindegiko postreek eta bakoitzak etxetik ekarritako arrainak osatuko du. "Berezitasuna, ordea, hurrengoa izango da: norberak herriko arrandegietan erositako arraina ekarri beharko du", azaldu dute. Hasierako lau platerak jan ostean, talde bakoitzeko ordezkari batek izango du parrillan arraina erretzeko ardura. Hauek ez dira bakarrik egongo, izan ere, herriko parrilleroak izango dituzte alboan laguntza eta aholkuak emateko. Bazkarirako txartelaren prezioa 20 eurokoa da, eta Turismo Bulegoan izango dira eskuragai datorren asteartetik aurrera. Gainera, eguna biribiltzeko, Imanol eta Iratz Urkizu aita-alabek musika emanaldia eskainiko dute.
Ospakizunekin amaituz, igandea hegaluzearen eguna izango da, eta ohi bezala, marmitakoa prestatuko du Aldapa elkarteak. "Aurretik, ordea, badakigu ohitura handia dagoela herrian atuna poteratzeko, eta ohiturekin jarraitu nahian, hegaluzea poteratzeko erakustaldi bat egingo du”. Herriko tabernek ere errazioak eskainiko dituzte bitartean, eta beste otordu bat egiteko aukera paregabea izango da.
Egitaraua
Irailak 11, osteguna
- 18:00. Zer eta nola arrantzatzen da gure itsasoetan? hitzaldia eskainiko du Jon Mujika Orioko Kofradiako presidenteak, Salatxo aretoan.
Irailak 18, osteguna
- 18:00. Nola erosi arrandegian? ikastaroa eskainiko du Olga Idiakez Carmen arrandegiko kideak, Salatxo aretoan.
Irailak 25, osteguna
- 18:00. Arraina prestatzeko teknika berritzaileak ikastaroa eskainiko du Ekaitz Apraiz Itsas-Etxeako kudeatzaileak, Aldapa elkartean. Izen-ematea, Turismo Bulegoan.
Urriak 3, ostirala
- 17:00. Izan arrantzale haurrentzako ikastaroa, moilan. Izen-ematea, Turismo Bulegoan.
- 18:00. Parrillak piztu eta irekiera ekitaldia.
- 20:00. Sasoiko arrainen pintxo potea.
Urriak 4, larunbata
- 11:00. Mutiozabal: ate irekiak eta tailerrak gaztetxoentzat.
- 13:30. Elkarte gastronomikoa plazan. Arraina Orioko modura erreta, herriko parrilleroen laguntzarekin.
- Arratsaldean, Imanol eta Iratz Urkizu aita-alaben musika emanaldia.
Urriak 5, igandea
- 12:00. Hegaluzea poteratzeko erakustaldia.
- 14:00. Aldapa elkartearen marmitakoa eta herriko tabernen errazioak.