Aurtengo Bisigu Eguna, bertan behera

Julene Sorarrain 2025ko mai. 21a, 12:17

Udaleko ordezkariak eta herriko parrilleroak gaur goizean eskainitako Bisigu Egunaren prentsaurrekoan. (Julene Sorarrain)

Bisigu falta dela eta, Orioko Udaleko bi alderdiek, teknikariek, parrilleroek eta arrandegiko langileek bisiguaren festa bertan behera uztea erabaki dute, "gogoeta sakona" egin ostean.

Orioko Udalak gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan jakinarazi du aurten ez dutela ospatuko Bisigu Eguna. Bertan izan dira Anuska Esnal alkatea, Adrian Garcia Turismo eta Merkataritza teknikaria eta urtero festan parte hartu duten herriko parrilleroak erabakiaren nondik norakoak azaltzeko. 

"Zaintzen duen herri bat garela edo izan nahi dugula esaten dugu, eta hau horren eredu da: gure ondarea zaintzeko keinua. Urteetan egin dugun moduak ez dio erantzuten gaurko beharrei, eta guztion erantzukizuna da hori gardentasunez azaldu, eta egokia bada, aldatzea. Gure herriak beti asmatu du momentuko erronkei aurre egiten, eta horregatik aurten Bisigu Festa ez egitea erabaki dugun guztiok, buru-belarri gabiltza beste festa bat antolatzen, goi denboralditik kanpo, gure produktuekin, gure herriarentzat. Bitartean, plazako erretegiko parrilak itzalita daude, jatetxeetako parrilak piztuta jarraitu dezatela", azaldu du alkateak.

Jarraian, Adrian Garcia teknikariak hartu du hitza, erabakiaren inguruko azalpenak emateko. Garciak azaldu duen moduan, festa eredu honek "hiru zutabe" ditu: batetik, parrilleroak, beraiek baitira arraina prestatzen dutenak; bigarrena, generoa; eta hirugarrena, festa muntatzen duen catering enpresa.

Azken urteetan hiru zutabe horiek "dantzan jartzen hasiak" zirela konturatu da udala. Hasteko, parrilleroek gero eta zailtasun gehiago dituzte beren jatetxeko lana eta bisigu festa sustatzeko, eta hala ere, "beren sakrifizio handiari esker", festara etorri ahal izan dute urtero. Bigarrenik, bisiguaren ezaugarri biologikoek "zaila" egiten dute gainustiakuntzarekin ezkontzea, izan ere, "gastronomiarako preziatuak" diren piezak emeak baitira, eta horrek desoreka handia eragiten du itsasoetan. Azken hamarkadetan, Kantauri itsasoak arrantzarako lekua izateari utzi dio, eta gero eta urrutiago joan behar dira bisigu bila. Ondorioz, udalari gero eta zailagoa egin zaio festarako behar bezain beste genero bermatzea.

Azkenenik, logistikari dagokionez, "catering enpresa indartsu bat" beharrezkoa dela gehitu du Garciak, eta aurtengo edizioari begira ez dute topatu "eskaintza lehiakorrik" festa bideragarria egiteko. Hiru zutabeak kontuan hartuta, festa ez dela "bideragarria ezta komenigarria ere" erabaki dute, eta egoera honen aurrean, prozesua lantzen aritu dira herriko parrilleroekin, eragileekin eta antolatzaileekin, azken erabaki bat hartzeko.

Erretegien garrantzia

San Nikolas elizako zimitorioan egindako aurkezpenean, Esnalek erretegien garrantzia azpimarratu nahi izan du. "Duela mende asko, baporeak agertzen hasi zirenean, arrantza ontziak urrunago hasi ziren arrain bila joaten. Egunero, etxera itzultzea ezinezkoa bihurtu zenez, otorduak baporeetan egiten hasi ziren. Horrela, ikatza, sua eta arraina ontzian zeudela aprobetxatuz, parrilak erabiltzen hasi ziren. Eredu hori hartuta, ekintzaile batzuk janaria prestatzeko modu hori lehorrera ekarri zuten. Eta horrela sortu ziren lehenengo erretegiak".

Arraina prestatzeko modu hau goraipatzeko eta sustatzeko hainbat ekimen egin ditu udalak azken urteetan. "Hasiera batean, Bisigu Eguna izenpean, herriko erretegien parrila lehiaketa antolatzen zen Herriko Plazan. 2008an, Orioko plaza jatetxe erraldoi bihurtzen hasi zen. Lau otordu antolatu ziren, egitarau eta komunikazio kanpaina sendo eta zabal batekin", esan du alkateak.

Urtez urte, ordea, bilakaera handia izan du festak, beharrek, helburuek eta testuinguruak baldintzatuta. "Otordu kopurua, parrilleroen profilak, gonbidatu kopurua edota tiketak erosteko baldintzak aldatu egin dira. Urtero izan da zer hausnartu eta zer hobetu. Aurten, lehengo urtean hasitako gogoetari are sakonago begiratu behar izan diogu", gehitu du Esnalek. "Pasa den urtean, bisiguaren krisia dela eta, bisiguak lortzeko genuen zailtasuna ikusita, gertuko produktuak erosi eta kontsumitzeko dugun kontzientzia kontuan hartua eta espeziearen kontserbaziorako dugun konpromisoarekin bat eginda, otordu kopurua erdira jaistea erabaki genuen".

Aurten, "gogoeta sakona" egin ostean, udaleko bi alderdiek, teknikariek, parrilleroek eta arrandegiko langileek, bisiguaren festa antolatzeko baldintzak ez daudela eta, aurtengo edizioa bertan behera uztea erabaki dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide