Olga Mujika: "Gazteak produktuaren jatorriaz arduratzen direla nabaritu dut"

Julene Sorarrain 2025ko ira. 17a, 10:00

Olga Mujika, Carmen arrandegiko langilea. (Julene Sorarrain)

Carmen arrandegiko Olga Mujikak (Orio, 1972) arraina erosterakoan kontuan izan beharreko alderdiak azalduko ditu bihar, Salatxo aretoan, Parrilla Festa jaialdiaren harira.

Zenbat denbora daramazu arrain saltzaile lanetan?

25 urte daramatzat arrandegien munduan. Lehen, Herriko Plazako arrandegian egiten nuen lan, eta orain, Carmenen aritzen naiz. Hala ere, egun lan egiten dudan arrandegia 1953. urtetik dago martxan.

Nolatan hasi zinen lanbide horretan?

Arrandegian hasi nintzenean 27 urte nituen. Hasiera batean, arrandegiko kontuez arduratzen nintzen, eta nire amaginarreba erretiratu zenean, erreleboa hartu nuen. Hark irakatsi zidan arraina garbitzen eta prestatzen. Dena gustatzen zait lanbide honetatik; ez dut kexarik, egia esan.

Zer aldaketa ikusi dituzu arraina erosteko moduan urteetan zehar?

Aldaketa asko ikusi ditut, bereziki arraina prestatzeko moduan. Nire amaginarrebaren garaian, arrainari ezkatak kentzen zizkioten eta osorik saltzen zuten. Gaur egun, aldiz, asko lantzen dugu pieza etxera iritsi baino lehen. Oso bezero gutxik eramaten dute oso-osorik.

Zeintzuk dira arrain bat freskoa den jakiteko gakoak?

Begietara begiratu behar zaie. Begiak distira gabe badaude, arraina segur aski ez da oso freskoa egongo. Bestalde, seinale ona izaten da zakatzak gorriak izatea. Horrek freskoa dela esan nahi du.

Aldea al dago arraina lonjan, merkatuan edo supermerkatuan erosi?

Kontuan izan behar da supermerkatuek arraina erosteko langile bat dutela. Gure kasuan, gu geu joaten gara lonjara, eta aurrez aurre ikus dezakegu jeneroa erosi baino lehen. Supermerkatuek, gainera, herrialde osora banatu ohi dute, eta arraina dendara iristerako, ez da guztiz freskoa egongo. Gu egunero joaten gara Pasaiara [Gipuzkoa] gure generoa erostera, baita Ondarroara [Bizkaia] ere, astelehenetan. Antxoaren eta atunaren garaian, aldiz, Getariatik ekartzen dugu jeneroa.

Zer aholku emango zenuke etxean arraina erraz garbitzeko?

Arraina garbitzea ez da zaila, azken finean, praktika kontua da. Gainera, gaur egun, arrandegitik ia prest eramaten duzu etxera. Askok diote labana on bat izan behar duzula, baina sukaldeko entzimera egoki bat izatea ere garrantzitsua iruditzen zait; izan ere, arraina erraz irrista daiteke bustita dagoenean.

Carmen arrandegiko fundatzaileak. (J.S.)

Zergatik da garrantzitsua sasoiko arraina erostea?

Batez ere, gure arrantzaleei bultzada emateko. Azken finean, garaiko eta bertako jeneroa jaten badugu, orain asko entzuten den zero kilometro filosofia bultzatuko dugu. Hemen jaten dugun antxoak orduak igarotzen ditu uretatik kanpo. Getarian erosten baduzu, ordu erdi batean dendan duzu, eta hori baino freskoagoa ez duzu inon aurkituko.

Sasoi honetan zer arrain erostea gomendatuko zenuke?

Hegaluzea. Oraintxe da bere garaia, eta laster amaituko da, gainera. Beti saltzen dugu hegaluzea, baina egia da azkenaldian merkurio asko duela esaten hasi direla, eta jendea beldurtu egin dela horrekin. Informazioa ematea beharrezkoa ikusten dut, baina beste modu batera azaldu beharko lirateke gauzak.

Nabaritzen al duzu jendea gero eta gehiago arduratzen dela produktuaren jatorriaz?

Bai, eta bereziki gazte jendea. Dendara etortzen direnean, beti galdetzen dute ea arraina hemengoa den. Gazte jendea arratsaldeetan etortzen da gure arrandegira, baina orokorrean ez dute ohiturarik arrandegira joateko. Ez dut uste ezjakintasunagatik denik, baizik eta agian ez dakitelako nola prestatu ala eskatu. Guk gure bezeroei beti galdetzen diegu ea nola prestatu nahi duten arraina. Laberako nahi baduzu, nik ez dizut antxoa eskainiko. Frijitzeko bada, aldiz, ez dizut muxar handia salduko. Bezeroek arraina nola prestatu nahi duten baldin badakite, guk jakingo dugu zer eskaini.

Zuk zer arrain duzu gogokoen etxean prestatzeko?

Antxoa, zalantzarik gabe. Hura da arrandegiko erregea.

Zer iruditzen zaizu udalak aurten antolatu duen Parrilla Festa egitasmoa?

Oso egokia. Bisigu Festari buelta bat eman behar zitzaion. Ezin genuen egoera horrekin jarraitu, bisiguari kalte egiten ari ginen eta. Bisiguak, bere prezioaz gain, hazkuntza oso motela du; izan ere, hamabost urte behar ditu hazteko. Hemen bisigurik ez dago dagoeneko, eta guk ahal dugun lekuetatik eskuratzen dugu. Ez dakit zenbat urte igaro beharko diren, baina uste dut bisigua arrisku handi-handian egongo dela etorkizunean. Gainera, uste dut gazteen aldetik parte hartze handiagoa izango dela Parrilla Festa jaialdian Bisigu Festan baino. Hori da, azken finean, bilatzen ari garena.

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide