Portugaletetik iritsi bezain laster jaso zuen herritarren ongietorria Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen traineruak. Izan ere, Eusko Label liga irabazi zuten atzo, baita helburu handi bat bere ere: aurtengoan hamasei bandera irabazi dituzte, errepikatzea zaila izango den marka berria ezarriz. Eta nola ez, merezitako harrera beroa jaso zuten iluntzean, herritar eta jarraitzaileen partetik. Eguraldia, ordea, ez zuten lagun izan, eta harrera ekitaldia Karela kiroldegira lekualdatzea erabaki zen azken momentuan.
19:00etan zen hastekoa alirona, eta ordu erdi lehenago, kiroldegiari buelta osoa ematen zion ilara osatu zen ateen aurrean, harmailetan eseri eta banderilla horiak astintzen hasteko irrikitan zeuden herritarrekin. Hala, bakoitzak bere eserlekua hartzen zuen heinean, txaranga bere errepertorio osoa jotzen aritu zen, herria festa giroan murgiltzeko asmoz.
Behin harmailak goraino bete zirela, arratsaldeko unerik desiratuena iritsi zen. Xabier Sukiak izan zuen aurkezle lanak egiteko ardura, eta banan-banan, aurtengo trainerua osatu duten arraunlarien izenak deitzen joan zen. Kiroldegiko ateetatik, arraunlariak bata bestearen atzetik sartu ziren, aurten irabazitako hamasei banderak astintzen zituztelarik. Bitartean, herritarrek txaloka eta txistuka jaso zituzten txapeldunak, txarangaren doinuen laguntzaz. Arraunlariak ez ezik, ibilbidean zehar alboan izan dituzten lankideak ere omendu zituzten, besteak beste Iker Zabala eta Angel Larrañaga entrenatzaileak edota Jon Olasagasti elkarteko presidentea. Omenaldia biribiltzeko, Harribil taldeko dantzariek agurra dantzatu zuten, eta Orioko Udalaren eskutik, egurrezko oroigarri bana banatu zitzaien arraunlariei.
Ekitaldia amaitu ostean, harmailak hustu eta festa Herriko Plazara lekualdatu zuten, egunari amaiera ezinhobea emateko.