Hamaseigarren bandera irabaziz eta marka guztiak hautsiz amaitu du Oriok traineru denboraldia

Juan Luis Romatet 2025ko ira. 21a, 16:01

Orio Portugaleteko estropadan. (Aitor Arrizabalaga)

Portugaleten amaitu da gaur aurtengo Eusko Label traineru liga, eta Oriok irabaziz bukatu du urtea. Hamasei bandera erdietsi ditu, hobetzea, errepikatzea ere, zaila izango den marka ezarriz. 

Apustu garbia egin zuen Orioko Arraunketa Elkarteak iaz traineru denboraldi berrira begira. Benderak irabaztea zuen helburu, ahal zela liga irabaztea ere, baina nekez pentsatuko zuten San Nikolas traineruak halako emaitzak lortuko zituenik. Eusko Label liga irabazi du, eta nola, hamasei bandera erdietsiz, eta Urdaibaik zuen hamalau banderako marka hautsiz. Kontxako bandera ere Oriora joan da aurten. Hori guztia ospatzeko harrera edo aliroia egingo diete 19:00etan herrian bertan. 

Portugaleten jokatu dute gaur arraun denboraldiko azken hitzordua. El Corte Ingles bandera zegoen jokoan, eta bezperan itsasoan aritu baziren, Bermeon, oraingoan errioan egin dute arraunketa saioa. 

Atzoko aurkari beraiek izan ditu Oriok ohorezko txandan: Zierbena, Urdaibai eta Donostiarra. Zierbena egon da estropadako buruan lehen bi luzetan. Oriok hurretik jarraitu dio. Denboraldi honetan behin baino gehiagotan gertatu den bezala, Gorka Aranberrik gidatutako eskifaiak bigarren ziabogaren ostean jo du kolpea eta estropadako burua hartu du. Distantziak, baina ez dira handiak izan gipuzkoarren eta bizkaitarren artean. Laugarren luzean izan da eztabaida sortu duen mugimendua: Orioko trainerua Zierbenaren aurretik gurutzatu da laugarrengo kaletik bigarrengora bidean, bien artean hiruzpalau segundoko aldea besterik ez zegoenean. Zierbenako patroia kexatu bada ere, uretako epaileak ontzat eman du gurutzatzea, eta bi segundoko aldearekin heldu da Orio lehen postuan, Zierbenaren aurretik. Hirugarren lehen txandan aritu den Getaria izan da.

Pozaren pozez ospatu dute oriotarrek denboraldiko hamaseigarren bandera. Arratsaldean omenduko dituzte txapeldunak herrian. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide