Kontxako estropadak pasatuta, emakumezkoek amaitua dute arraun denboraldia, eta gizonezkoek, berriz, igande honetan bukatuko dute Eusko Label liga, azken bi jardunaldiak jokatutakoan.
Urtero bezala, arraun klubak hasiak dira mugimenduak egiten plantilletan. Orio Arraunketa Elkarteak, esaterako, abuztuaren 21ean jakinarazi zuen Patxi Francesek ez zuela jarraituko nesken trainerua entrenatzen datorren denboraldian. Oraingoz ez dute esan zein izango den haren ordezkoa, baina Francesek topatu du talde berria: San Pedroko gizonezkoen trainerua entrenatuko du. Hala baieztatu dio Gukari. Eta erantsi du Rafa Gonzalez Txabarri prestatzaile fisiko oriotarra berarekin joango dela talde berrira. Frances azken lau denboraldietan izan da Orioko emakumezkoen entrenatzailea, eta Gonzalez Txabarri izan da prestatzaile. Gainera, urte mordoa daramate elkarrekin: "1991etik elkarrekin gabiltza Rafa eta biok. Garai hartan arraunlaria nintzen ni, eta bera jada prestatzaile fisikoa. Ordutik, Zierbenan egin nituen lauzpabost urte kenduta, beti elkarrekin ibili gara", esan du Francesek.
Oraingoz urtebeterako hitzartu dute kontratua. "Nahiago dut urtez urte joan, ikusteko kluba gure lanarekin gustura dagoen eta gu ere gustura gauden klubarekin", adierazi du entrenatzaileak.
Utzi berri duen taldeari dagokionez, esker oneko hitzak besterik ez ditu Francesek: "Nigatik eta Rafagatik egin duten guztia eskertu nahi diet Orioko neskei. Inoiz ez naiz hain gustura egon talde batean. Pertsonalki asko eman didate, eta bihotzez eskertu nahi diet", azpimarratu du.
Beste urtebetez Bermeon
Batzuek aldaketa, beste batzuek jarraipena. Izan ere, Bermeoko arraun klubak ere egunotan jakinarazi du Jon Salsamendi entrenatzaile oriotarrak beste denboraldi batez jarraituko duela Urdaibaiko mutilak entrenatzen. Hain zuzen, Iker Zabala Orioko entrenatzailearen ordez hasi zen Salsamendi han, aurtengo denboraldian.
Eusko Label liga amaitzeko azken bi jardunaldien faltan, laugarren dira bizkaitarrak sailkapen nagusian, eta larunbateko estropada etxean jokatuko dute, Bermeoko uretan (18:51n hasita). Azken estropada ere gertu izango dute, Portugaleten (Bizkaia), 12:40etik aurrera.