Igandean etxean jokatuko duzue Gipuzkoako Traineru Txapelketa, eta zuek sasoiko iritsi zarete hitzordura. Gogotsu?
Bai. Gure asmoa txapelketa irabaztea izango da, oso garrantzitsua da guretzat, bai etxean delako, bai azken urteetan Oriok ez duelako bere maila eman txapelketa horretan.
Neguan jokatutako ia estropada guztiak irabazi dituzue.
Neguko lanak ondo egin ditugu, oso ondo ibili gara-eta bai jaitsieretan, bai trainerilletan. Dena den, orain hasten dira benetako estropadak. Ez dakigu aurkariak erdi ezkutuan ibili diren ala jolasten ibili diren; gu ez gara ibili jolasten, ezta ezkutuan ere, eta maila oso ona ematea izango da gure helburua, bandera etxean gelditzeko. Mutilak oso gogotsu daude Orio indartsu bat erakusteko, etxekoak batez ere, baina baita kanpotik etorri direnak ere. Igandetik aurrera Orio oso on bat ikusiko dugu.
Taldea indartzeko, arraunlari batzuk ekarri dituzu. Zuk nahi zenuen taldea al duzu?
Bai, kanpotik etorri dira gizon batzuk, ez asko. Dena den, taldearen erdia baino gehiago oriotarra da, eta hori zen nire asmoa: taldea batzea, kanpoko ukitu batzuekin.
Arraunlarien zerrenda ofiziala eginda dago. Zein arraunlari fitxatu dituzue?
Kanpotik etorri dira Gorka Aranberri patroia, Andres Medina, Adrian Gonzalez, Beñat Egiazu eta Ander Zabala. Kopuru polita da, eta igarri egiten da hori. Mikel Arostegik iaz oso lan garrantzitsua egin zuen, eta hark hasitako lanari esker, beste buelta bat ematen ari gara guztiari. Eta egia esan behar da: taldea sendoagoa da iaztik hona, baina oinarria etxekoekin egina da.
Igandeko erronka irabaztea da. Hurrengoak zein dira?
Hurrengo asteburuan, Euskadiko Txapelketa egongo da jokoan, Bermeon, neure herrian gainera, eta sailkatzen bagara, hurrengoan Espainiakoa. Ondoren, geldialditxo bat egingo dugu, eta TKE liga hasiko da gero; jo eta su ibiliko gara larunbat eta igande guztietan.
Taldeari non ikusten dizkiozu hobetu beharreko puntuak?
Taldea, kakotx artean, berria da oraindik; kanpotik etorri diren mutilek denbora behar dute taldera egiteko. Iaztik hona arraunkera desberdinarekin ari gara, eta neu ere berria naiz taldean. Horrez gain, buruz hutsune txiki bat ikusten dut, nik sekulako taldea ikusi dudalako, baina beraiek sinistu egin behar dute eta estropadetan erakutsi entrenatzerakoan erakusten duten gosea. Pixkanaka ari dira beldurra gainditzen; ez dakit besteak baino gehiago garen, baina parean, behintzat, bagaude.
Zentzu horretan, klubak badu psikologorik?
Figura oso inportantea litzateke piskologoarena, ez bakarrik seniorrentzat, baita 15-17 urteko neska-mutilentzat ere. Izan ere, egunero ordu asko sartzen dira, presio asko dago, ez bakarrik entrenatzaileena, baita herriarena ere, eta emaitzak lortu egin behar dira, eta presio horretan, jende askok behar du laguntza psikologikoa. Baina aurrekontu mugatua daukagu, badakigu arraunak ez duela mugitzen hainbeste diru...
Ez dakigu, klubek inoiz ez dutelako esaten zer aurrekontu dituzten, soilik bazkideei...
Besteek ere ez dute esaten... Baina jendeak uste du diru pila mugitzen dela, eta nik uste dut ez dagoela horrenbeste.
Hortaz, zu zara taldeko psikologoa.
Psikologoa, laguntzailea, botilleroa... Baina bai, entrenatzaileak jakin behar du arraunlari bakoitzak zer behar duen, bakoitzari nola eta zer esan behar zaion... Nire semeak bezala zaindu behar ditut, fisikoki ondo egon behar dutelako, baina baita mentalki ere. Eta ez da gauza erraza.
Garaipenek lagunduko dute buruz ondo egote horretan.
Noski. Neguan jokatu ditugun proba ia guztiak irabazi ditugu, eta hori seinale bat da. Mirariz irabazi daiteke estropada bat, baina horrenbeste irabazi eta gero, tendentzia ona dagoela ikusten duzu, ez dela kasualitatearen ondorio. Eta meritu handiena mutilena da; gu gatoz ordena pixka bat jartzera. Baina kalitaterik ez badago, miraririk ezin da egin.
Esan duzu etxekoak garrantzitsuak direla taldean. Bigarren patroia, Oihan Manterola, oriotarra da, eta gaztea.
Bai. Hasieratik eduki dut argi bigarren patroiak etxekoa izan behar zuela, ez daukalako zentzurik kanpotik norbait ekartzeak, aulkian egoteko. Beraz, asmoa izan da etxeko bat hartzea, oso gaztea, eta Gorkaregandik ikasten joatea. Ez dakit B traineruan estropadak egingo dituen, baina nahi dut goiko taldean estropadak jokatzea.
Nola ikusten dituzu harrobia eta bigarren taldea?
Hasieran egon zen beldurra, ni klubera etorri eta bigarren taldea baztertuko ote nuen. Baina bigarren trainerua atera dugu, nahiz eta nire gusturako oriotar gutxi dauden. Polita litzateke aulki mugikorrean dauden gazteak traineruan sartzea, baina aurten ez da posible izan, eta Tolosatik, San Pedrotik eta Ondarrutik etorri dira mutil batzuk taldea osatzera. Behintzat, B ontzia uretan egongo da; Orio bezalako klub batentzat inportantea da B ontzia ere. Izan ere, gure helburua ez da soilik aurten ondo ibiltzea; honi segida ematea nahi dugu beste hiruzpalau urtean, batez ere, etxeko jendearekin. Espero dut hemendik aurrera mutil eta neska gehiago sartzea klubera, mugimendua badagoen arren, pabiloia nahiko hutsik ikusten dut eta.
Zein dira traineru denboraldi honetarako helburuak?
Gure helburuak ez dira halako bandera irabaztea edo halako postuan egotea; gure asmoa da egunero jo eta su aritzea, eta trainerua ahalik eta azkarren ibiltzea. Irabazteko nahikoa bada, ondo; nahikoa ez bada, lanean segi beharko dugu. Ikusiko dugu uretan zer emaitza lortzen ditugun, gure esku ez dagoen beste faktore bat dagoelako hor: beste taldeek ere beren maila emango dute. Ez dakigu iaztik hona gehiago edo gutxiago ibiliko diren.
Herrian polemika eragin zuen klubak zu fitxatu izanak. Hilabete batzuk pasatuta, nola sentitzen zara?
Bermeotarra naiz ni, eta Santurtzitik Bermeora entrenatzaile joan nintzenean ere, polemika izan zen. Oriora etorrita, normala da polemika sortzea; are gehiago, iaz Mikel Arostegik egindako lana kontuan hartuta. Entrenatzailea herrikoa bada eta lana ondo egin badu, berak segitzea da normalena. Baina zuzendaritzak erabaki bat hartu zuen, nire ustez nahiko gogorra, eta, aldi berean, ausarta.
Erabaki hori helburu batekin izango zen, herrira banderak ekartzea...
Bai, baina nire helburua zen Bermeotik irtetea eta klub nahiz filosofia berri bat aurkitzea. Erakutsi nahi dut lana egiten dudala eta lan horren poderioz datozela emaitzak, eta uste dut taldeak ikusi duela lana egiteko gogoz natorrela. Zuzendaritzak ere ikusi du ordu asko pasatzen ditudala klubean eta jendearen zein zuzendaritzaren gainean nagoela, beti hobetu nahian. Herriak ikusiko du ez natorrela bazterrak mugitzera, baizik eta Oriok, globalki, pauso bat aurrera eman dezan laguntzera.
Langilea zarela diozu. Perfekzionista ere bai?
Perfekzionista samarra naiz, bai, baita sutsua eta burugogorra ere, baina kirol honetan ordu asko sartzen ditugu, denbora asko, eta halakoetan, batzuetan bidea galtzen da, eta niri ez zait hori gustatzen. Egunero ibiltzen naiz gauzak hobetu nahian, eta ikusten da, apurka-apurka, aurrera goazela. Noraino helduko garen? Nik nire helburu pertsonala oso argi dut, baina guztia ez dago nire esku.
Eta zein da zure helburu pertsonala?
Irabaztea. Hau kirola da, ordea, eta nahiz eta talde zein patroi onena eduki, askotan ez da irabazten. Baina borrokatzeko gaude.
Zein izango dira aurkari gogorrenak?
Bermeo da iazko ligako txapelduna, errespetua zor zaio, eta uste dut hautagai sendoa dela estropadak irabazteko. Donostiarra eta Zierbena ere hor daude. Baina horien guztien gainetik, Orio dagoela uste dut. Talde oso ona daukat, arraunlariek beraiek uste dutena baino hobeak dira, eta emaitzak etorriko direla pentsatzen dut.