Ametsak ihes egin dio Orioko emakumezkoen traineruari

Intza Trula 2025ko ira. 14a, 11:46

Orioko emakumeen trainerua, Kontxako Bandera jokatzear, gaur, Donostian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Arraun Lagunakek nagusitasunez irabazi du estropada, eta Donostian geratu da Kontxako Bandera. Oriok hirugarren amaitu du sailkapen orokorrean, Tolosaldearen atzetik.

Zaila zen. Ia ezinezkoa, joan den asteko estropadari buelta ematea eta Arraun Lagunak taldeak lortutako 11 segundoko abantaila iraultzea. Orio borrokara atera da gaur Kontxako Banderako bigarren jardunaldian, eta ahaleginak egin dituen arren, hirugarren postuan amaitu dute.

Gaur zortzi baino lasaiago topatu dute arraunlariek lehia eremua, nahiz eta Aquarium parean joera zertxobait zakarragoa izan den. Olatuak hartzeko egoera onean zegoen itsasoa, eta aukera hori baliatzen saiatu dira arraunlariak. Ohorezko txandan egin du arraun Oriok, bigarren kaletik, Tolosaldea, Zumaia eta Arraun Lagunakekin batera.

Oriok Kontxako Bandera nahi zuen, baina Arraun Lagunakek ere horixe desira zuen. Estropadako buru jarri dira hasi bezain laster donostiarrak, eta une batetik bestera handitu dute aurkariarekiko aldea. Ziaboga bikaina egin dute, eta bigarren zihoan Oriorengandik 7 segundora jarri dira.

Bigarren luzean handitu besterik ez da egin bi traineru horien arteko aldea, eta Tolosaldea sartu da bigarren postuaren borrokan. Orio hirugarren postuan uztea lortu dute tolosarrek, eta apurka-apurka oriotarren ametsa itzaltzen joan da.

Estropada ikusgarria eginda, Arraun Lagunakek eskuratu du Kontxako Bandera, 11:01:83ko denbora markatuta. Hirugarren urtez jarraian irabazi dute neskek bandera, eta guztira lau dituzte. Bigarren sailkatu da Tolosaldea, 11:09.24ko denboran, eta hirugarren egin du Oriok, 11:16.38ko denbora markatuta.

Honakoa da bigarren jardunaldiko sailkapena:

  1. Arraun Lagunak: 11:01.72
  2. Tolosaldea: 11:09.24
  3. Orio: 11:16.38
  4. Donostiarra: 11:19.35
  5. Hibaika: 11:31.69
  6. Hondarribia: 11:31.71
  7. Astillero: 11:31.91
  8. Zumaia: 11:33.24

Honakoa da bi jardunaldien baturaren sailkapena:

  1. Arraun Lagunak: 21:30.92
  2. Tolosaldea: 21:48.44
  3. Orio: 21:56.42
  4. Donostiarra: 22:13.67
  5. Zumaia: 22:18.34
  6. Astillero: 22:25.79
  7. Hibaika: 22:28.83
  8. Hondarribia: 22:28.83

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide