Emakumezkoen trainerua, bigarren postutik ehuneko batzuetara

Mireia Galarza Bastida 2025ko ira. 7a, 14:15

Orioko emakumezkoen trainerua, estropada amaitu berritan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Bigarren txandako azkarrenak izan dira, eta sailkapen orokorrean hirugarren egin dute. Haizeak baldintzatutako jardunaldia izan da. 

Gaur eguerdian jokatu dute Donostian Kontxako Banderako lehen jardunaldia, eta beste behin ere, naturak erakutsi du -gaur batez ere haizeak- asko eragin dezakeela amaierako emaitzetan.

Bigarren txandan atera da Orioko emakumezkoen taldea, hirugarren kaletik, Hibaika, Hondarribia eta Zumaiarekin batera. Hasieratik nagusitu dira txandan, baina haizeak gogor jo die batez ere brankaz, eta horrekin segunduak galdu dituzte oriotarrek. Dena dela, poparean gogor estutu dute, eta hainbat segundu irabaztea lortu dute.

Lehen txandan, berriz, Donostiarra, Astillero, Tolosaldea eta Arraun Lagunak irten dira, eta azken horrek liga osoan erakutsi duen moduan, nagusitasunez gailendu da gaurko estropadan ere. Zehazki, 10:29.20ko denboran amaitu dute proba donostiarrek, eta handik 10 segundura iritsi da Tolosaldea (10:39.20). Hirugarren sailkatu da Orio (10:40.04), eta Zumaia laugarren izan da (10:45.10). 

Hurrengo asteko aurreikuspenen arabera, ia bi metroko olatuak izango dira, baina haizea ez da gaurkoa bezain gogaikarria izango. Dena dela, Kontxan ez daki inork zer gertatuko den, eta ikusteko dago oraindik oriotarrek zer egingo duten datorren igandean. 

Hona hemen sailkapen nagusia. 

  1. Arraun Lagunak: 10:29.20
  2. Tolosaldea: 10:39.20
  3. Orio: 10:40.04
  4. Zumaia: 10:45.10
  5. Astillero: 10:53.88
  6. Donostiarra: 10:54.32
  7. Hibaika: 10:57.14
  8. Hondarribia: 10:58.88

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide