Asteburuan jokatu dute Orioko lehenengo taldeko bi traineruek Zarauzko ikurrinaren estropada Zarautzen, eta gizonezkoek bandera etxera ekartzea lortu dute. Hortaz gain, Orio B taldeak ere asteburuan jokatu du bere azken estropada, eta ligako txapeldun bilakatu dira hamabi banderetatik bederatzi eskuratu ondoren.
Astebururo bezala, herritarrek harrera egin zieten atzo arraunlariei herriko plazan, eta izugarrizko jendetza gerturatu zen bi taldeei ongi etorria ematera.
Lehenengo taldekoek larunbatean eta igandean jokatutako estropadetan irabazitako ikurrina pozez astindu zuten, eta bigarrengo taldekoek, berriz, asteburuan irabazitakoaz gain, ligan zehar irabazitako gainontzeko banderak ere astindu zituzten.