Orioko San Nikolas traineruak bideratuta utzi zuen atzo Zarauzko ikurrinean garaipena. Zarauzko 48. ikurrinako lehen jardunaldia jokatu zuten atzo arratsaldez, eta bigarren egin zuen Urdaibairekiko hamabi segundo aldearekin bukatu zuten arraunketa saioa Iker Zabalak entrenatutako mutilek, eta hamahiru segundokoa Zierbenarekiko. Bigarren txandan aritu zen Getaria izan zen laugarren eta, ondorioz, gaurko estropadan ohorezko txandan izatea lortu zuen Esperantzak.
Abantaila horrekin jokatzea bazuten gaurkoan oriotarrek, baina indarrak gordetze hori ez dago oriotarren DNAn. Gaur ere irabaztera atera da San Nikolas ontzia, eta estropada hasi eta berehala hartu gero inoiz utzi ez duen burua. Lehen ziabogarako aurretik ziren oriotarrak eta Zierbenak bakarrik eutsi dio Oriori, traineru bat edo bi atzetik egonda ere. Azken estropadetan egin bezala, Oriok abiadura handitu du azken luzean, eta hor utzi behar izan dituzte itxaropenak alde batera bizkaitarrek. Amaieran, 19:47,10 denbora egin du Oriok gaurko estropadan. Atzetik, Zierbena sartu da hamar segundora, eta estropada bikaina egin duen Getaria hirugarren, irabazleekiko hemeretzi segundora.
Bi jardunaldietako denborak batuta, Orio izan da 48. ikurrinako irabazlea, eta sailkapenean aldea handitu du Eusko Label ligako sailkapenean. 164 puntu dituzte oriotarrek, eta 136 bigarren den Zierbenak.
Emakumeak, hirugarren
Orioko Arraunketa Elkarteko emakumek bazekiten Zarauzko ikurrinak atzo egin ziela ihes. Lehen jardunaldia irabazi zuen Donostia Arraun Lagunakekiko 22 segundora heldu ziren amaierara, hirugarren postuan, Tolosaldearen atzetik.
Bandera astintzea ia ezinezkoa izanik, gaurko jardunaldian onena ematera atera dira. Hala ere, lehen paladatik ikusi da Arraun Lagunak hobeto heldu dela denboraldi amaierara. Donostiarrek burua hartu dute, eta Oriok hasiera batean eutsi badio ere, ziabogan hirugarren denbora egin du, Arraun Lagunaken eta Tolosaldearen atzetik.
Donostiarrek beste martxa bat jarri dute, eta ihes egin dute itzulerako luzean. Zarauzko estropada eremuko marka berria ere ezarri du Arraun Lagunakek. Atzean, borroka estua izan dute Tolosaldeak, Oriok eta gaur atzean geratu ez den Zumaia. Tolosarrak izan dira bigarren, hirugarren Orio eta laugarren Zumaia, horiekiko hamar ehunekora.
Euskotren liga amaitzeko bi jardunaldi besterik ez dira geratzen, datorren astean Ondarroan eta Getarian jokatuko dituztenak, eta kontuz ibili beharko du Oriok bigarren postua gordetzeko, hirugarren den Tolosaldea hiru puntura duelako.