Gaurkoan ere eskura izan dute bandera Orio Orialkiko neskek Pasai Donibanen (Gipuzkoa) jokatutako erlojupeko estropadan, baina beste behin, Arraun Lagunak nagusitu zaie Patxi Francesen neskei bi segundo baino gutxiagogatik. Bost jardunaldi jokatu dituzte Euskotren ligan, eta bostetan bigarren egin dute oriotarrek. Tolosaldea izan da hirugarren, Oriorengandik hamar segundo eta erdira. Irabazleen denbora 10:38,70ekoa izan da, Oriorena 10:40,58 eta Tolosaldearena, berriz, 10:49,00.
Beste taldeei dagokienez, oso ondo ezagutzen duen estropada eremuan, Hibaikak aurrea hartu dio Zumaiari, eta berak egin du laugarren; ohorezko txandan ariko da, beraz, bihar, Orioko estropadan, Zumaia toki horretatik kanporatuta.
Gizonezkoen estropadan, haizeak eragin handia izan du, hirugarren txandako traineruentzat haizea igo egin baita, eta aurreneko ziabogan, esaterako, denbora onena bigarren txandako Hondarribiarena izan da, Oriok eta Zierbenak baino sei segundo gutxiago markatu baitu.
Hirugarren txandako erlojupekoan Zierbenaren eta Orioren artean egon da borroka, eta aurreneko partean Orio bizkorrago ibili den arren, barrurantz azkarrago joan da Zierbena, eta azkenean, oriotarrak garaipenetik sei segundora gelditu dira. 19:52,48 denbora egin du Zierbenak, 19:58,76 Oriok, eta Hondarribia izan da hirugarren, 20:04,38 denborarekin. Laugarren tokia ere bigarren txandako traineru batek eskuratu du, Getariak, 20:07,94 denbora eginda.
Orio Orialkiko traineruek etxean jokatuko dute biharko estropada, itsaso zabalean. 11:25etik aurrera izango dute jokoan 13. Orio Kanpina bandera Euskotren ligakoek, eta 12:21etik aurrera, berriz, Eusko Label ligakoek.