Arraunak hartu du gaur eguerdian moila ingurua, errioan jokatu baitituzte ETE eta KAE2 ligetako jardunaldiak. Eguraldia lagun, zaletu ugari elkartu da moilan nahiz errepideko zubian, eta herrigunea askotariko kolorez apainduta gelditu da. Animo oihurik ere ez dute falta izan bateko zein besteko arraunlariek.
Erlojupean aritu dira neskak zein mutilak. 11:15ean abiatu da lehia ETEkoentzat, eta 12:00etan, berriz, KAE2koentzat. Azken horretan, Orio B trainerua da nagusi sailkapen orokorrean, baina gaurkoan ezin izan du etxeko bandera astindu, VII. Orio Kanpina Ikurrina. Bizkorrena izan da aurreneko bi ziabogetan, baina azken bigarren hirugarrengoan, eta Hibaikarentzat izan da garaipena, nagusitasunez, gainera, hamabost segundoko aldea atera baitio Oriori. Errenteriarrek 20:45,33 denboran osatu dute erlojupekoa, eta oriotarrek, berriz, 21:00,64 denboran. Portugalete izan da hirugarren, Oriogandik hogeita lau segundora.
Errenteriarrek merezita astindu dute gaur bandera, baina Oriok jarraitzen du lider sailkapenean 38 punturekin. Hain zuzen, Hibaika da bigarren, 35 punturekin, eta Portugalete hirugarren, 31 punturekin.
Bihar bertan izango dute hurrengo estropada, oraingoan Portugaleten (Bizkaia). Gaur bezala, 12:00etan hasiko dira lehian, eta irabaztera aterako dira Angel Larrañagaren mutilak.
Zarautz nagusi ETE ligako estropadan
Emakumezkoak ere erlojuaren aurka aritu dira errioan, Hernaniko arraun klubak antolatu duen estropadan. Ezustekorik ez da izan, eta ETE ligako bosgarren bandera poltsikoratu du Zarautzek 10:56,10 denbora eginda. Hamabi segundoko aldea atera dio bere aurkari zuzenari, San Juani; 11:08,12 denboran egin ditu lanak horrek. Kaiku izan da hirugarren, 11:14,20 denborarekin.
Horiek ere bihar jokatuko dute hurrengo estropada, eta KAE2koek bezala, Portugaleten izango dute hitzordua, 11:00etan.
Euskotren eta Eusko Label ligei dagokienez, gaur Pasai Donibanen (Gipuzkoa) jokatuko dituzte estropadak, emakumezkoek 17:20ean hasita eta gizonezkoek 18:00etan. Bihar, berriz, etxean ariko da Orio; 13. Orio Kanpina banderak izango dituzte lehian. 11:25ean abiatuko da emakumezkoen lehia, eta 12:21ean, berriz, gizonezkoena.