Bandera festa igande iluntzea alaitzeko

Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 7a, 10:28

Asteburuan hasi dira Eusko Label eta Euskotren ligak, eta Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoek etxeratu dituzte bi estropadetako banderak. Orio B-k ere bandera bat irabazi du, eta herritar ugari elkartu zen atzo iluntzean alironean

Bikain hasi dute traineru denboraldia Orio Arraunketa Elkarteko bi ontzi nagusiek: gizonezkoek bi banderak poltsikoratu dituzte Bizkaiko uretan, eta emakumeek segundo bakarragatik ez dituzte lortu trapuak, baina erakutsi dute gogor borrokatuko dutela garaipenagatik. Orio B-k ere irabazi egin du asteburuko estropada. Hala, atzo iluntzean bandera festa izan zen Herriko Plazan, eta herritarrek gogotsu parte hartu zuten alironean.

19:30 aldera hasi zen Orioko Txaranga giroa alaitzen Herriko Plazan, eta ondoren, ohi bezala, kalean gora jarraitu zuen, kalejirari ekiteko. Gizonezkoen bi ontzietako arraunlariak eta entrenatzaileak txarangaren atzetik iritsi ziren udaletxe aurrera banderak astinduz, eta herritarren txaloak jaso eta talde argazkia atera ondoren, udaletxera igo ziren, balkoian banan-banan irabazitako hiru banderak astintzeko.

Orioko arraunlarien ereserki bihurtu den Mirotzak abestia eskaini zuen herriko txarangak, eta azken txalo zaparrada jasota, amaitu zen harrera.

(Argazkiak: Joxemari Olasagasti eta Onintza Lete Arrieta)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide