Sestaok hartu du gaur arrauneko ikuskizuna. Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak jokatu dituzte eguerdi partean Portugalete eta Sestao artean egokitutako estropada eremuan. Atzokoa ez bezala, erlojupekoa izan zela, gaurkoa linean jokatu dute, eta bezperan lortutako emaitzen arabera osatu dituzte txandak.
Euskotren ligako estropada jokatu dute lehenbizi. Bilbon atzo, eta gaur Sestaon ikusitakoaren arabera, Donostia Arraun Lagunakek eta Oriok ikuskizun ederra emango dutela dirudi. Bukatu dira iazko denboraldiko tarte handiak. Gaur gaurkoz, ehunekoak besterik ez daude bi traineruen artean.
Atzokoan atzetik aurrerako estropada eginez, garaipenetik segundo batera baino gutxiagora gelditu zen Orio. Gaur hasieratik buruan jarri dira, baina tartea zabaldu ezinik. Ziabogan segundo bakarreko aldearekin eman du buelta Oriok lehen postuan. Estu, oso estu egon da lehia oriotarren eta donostiarren artean, eta bazirudienean gaur Patxi Francesek gidatutako emakumeek bandera lortuko zutela, Arraun Lagunaken azken esfortzuak haiei eman die garaipena, 46 ehunekoren aldearekin. 10:48,54 denbora egin du Arraun Lagunakek eta 10:49,00 Oriok.
Sailkapen orokorrean bigarren dira oriotarrak, lehen bi estropadetan bigarren egin eta gero. 14 puntu dituzte; Arraun Lagunakek, berriz, 16.
Orio nagusi gizonetan
Eusko Label ligako bigarren jardunaldia jokatu dute jarraian. Orio ohorezko txandan aritu da, Zierbena, Urdaibai eta Donostiarrarekin batera. Hasieratik buruan jarri da San Nikolas ontzia, baina harrokeriarik gabe. Luzean aurrera egin ahala, Zierbena alboan jarri zaio, baina une batean ere aurretik jarri ere. Hala, bizkaitarrak izan dira aurretik lehen ziabogan, Oriorekiko segundo bateko aldearekin. Itzulerakoan buruan jarri da berriro Orio, baina Zierbenak ez dio ihes egiten utzi. Bigarren ziabogan bi segundoko aldea izan du Orioko Zierbenarekiko. Hor hautsi da txanda.
Oriok gogor ekin dio arraunketari, eta ia konturatu gabe aldea handitu du, Zierbena jokoz kanpo utziz. Laugarren luzean ez dute arriskurik hartu oriotarrek, eta txanda eta bandera irabazi dute, 20:24,02 denborarekin. Bigarren izan da Zierbena, bost segundora, hirugarren Urdaibai sei segundora eta laugarren aurreko txandan aritu den Hondarribia, hamabi segundora.
Sailkapen nagusian 24 puntu ditu Oriok eta lider da. Atzetik, 22rekin Zierbena dago, eta hirugarren Urdaibai 20rekin.