Esker hitzak, dantza, musika, bertsoak eta askoz gehiago, herritarren aitortza ekitaldian

Mireia Galarza Bastida - Intza Trula 2025ko urt. 5a, 13:30

Zehazki, Itziar Oliden merkatari ohia, Libe Arruabarrena eskubaloi jokalaria, Dani Barrenetxea eta Mari Karmen Oliden Talaimendi mendi elkarteko ordezkariak, eta Benito Lertxundi abeslaria omendu zituzten.

Atzo arratsaldean egin zuten Arraunetxen lehendabizikoz herritarren aitortza ekitaldia. Goxoa izan zen hitzordu hura, musikaz, bertsoz eta txaloz betea, eta helburu izan zuen hainbat oriotarrei aitortza egitea, herriari egindako ekarpena kontuan hartuta. Zehazki, Itziar Oliden merkatari ohia, Libe Arruabarrena eskubaloi jokalaria, Dani Barrenetxea eta Mari Karmen Oliden Talaimendi mendi elkarteko ordezkariak, eta Benito Lertxundi abeslaria omendu zituzten.

Musikarekin hasi zen ekitaldia, eta hori eta gero hartu zuten hitza Orioko Udaleko hainbat teknikarik, zehazki, Iñigo Gaiton Kultur teknikariak eta Javier Zabaleta Euskara teknikariak. Beraiek azaldu zituzten ekitaldiaren nondik norakoak. Jarraian, Anuska Oliden alkateak egin zuen hitzartzea, eta omenduak naturako lau elementurekin alderatu zituen: ura, sua, lurra eta haizea.

Horrez gain, oholtzara igo eta omendu bakoitzak hitz egiteko tartetxoa ere izan zuen atzokoan. Amaieran, oholtza gaineko eredu formalagoa alde batera utzita, mokadutxo baten bueltan elkartu ziren ekitaldian parte hartu zuten herritar guztiak, omendu zein ikusle.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide